Batzorde bat eratu gura da danborrada antolatzeko

2012ko nagusien danborrada, Foruen plazan

Nagusien danborradan parte hartu gura duten taldeen ordezkariek osatuko dute batzordea. Datorren eguaztenean da horretarako bilera, 19:00etan, kultura etxean. Batzorderik sortu ezean, ez da danborradarik egingo.

Atzo, eguena, iluntzean bilera irekia egin zuten danborradan parte hartzeko interesa agertu zutenek. Eta han hartu zuten erabakia. Horregatik ez da horren berri ematen gaurko GOIENA paperean, atzo artekoa baizik.

Datorren eguaztenean, irailak 10, egingo da beste bilera bat kultura etxean, 19:00etan. Aurtengo nagusien danborradan parte hartu gura duten talde guztiak daude deituta bilerara. Helburua da talde bakoitzak ordezkari bat izendatzea batzordeko kide izateko. Hala, ordezkarien talde horrek, batzorde horrek, koordinatuko du aurtengo nagusien danborrada, guztien artean adostuta. Batzordea sortzen ez bada, aurten ez da nagusien danborradarik egingo.

Bi alde

Eginez gero, irailaren 28an izango da danborrada, betiko moduan. Txosna batzordetik sortu den talde batek hartu du orain arteko antolatzaileen erreleboa, eta batzorde batek jarraituko du, sortzen bada.

Azken urteetako antolatzaileek utzi egin diote egiteari, "2012. urtetik bi batzordeek darabilgun tira-bira eta adostasun ezagatik", bidalitako prentsa oharrean adierazi duten moduan. "Mahai gainean aldeko eta kontrako denak jarrita, danborradaren antolakuntzak, 48 urteren ondoren, pena handiarekin, danborrada uztea erabaki du", irakur daiteke oharraren bukaeran.

Ekainean elkartu ziren orain arteko antolatzaileak eta txosna batzordeko kideak aurtengo danborradari buruz berba egiteko. Orduan, aurreko bi urtetan bezala, elkarrekin irteteko adostasuna lortu zuten. Uztailean, baina, danborrada antolatzeari utziko zutela esanaz mezua jaso zuten Udalean betiko antolatzaileen aldetik. "Garbi ikusten dugu berriro ere bi danborradak bateraezinak direla, bi eredu oso ezberdin baitira", diote orain arteko antolatzaileek. Bidalitako oharrak, "Oñatiko danborrada betidanik izan da herritik herrixandako" ere jasotzen du, besteren artean.

Txosna batzordeko danborrada taldeari galdetuta, danborrada egingo dela aurreratu zuten. "Antolatzeari uko egiteko erabakia errespetatzen dugu, baina ez dugu ulertzen, izan ere, azken bileran batera egingo genuela adostu genuen" dio taldeko kide batek. "Hala ere, danborradaren historiari begiratuz gero, urteak pasa ahala etengabeak izan dira aldaketak. Gizarteak eboluzionatzen duenaren seinale da eta ez dago zertan pena ezta beldurrik izan", adierazi du gazteak.

Udalaren iritzia

Herriko jai nagusietako ekitaldia da danborrada, baina beti herritarrek antolatu izan duten ekitaldia da. Hala, Udalak horrela jarraitu dezala gura du. "Jaien barruko ekintza bat da, baina ez du Udalak antolatzen. Hala, egon ahal den eztabaidatik kanpo dago Udala", adierazi du kultura zinegotzia den Nerea Zubiak. Eta gehitu du: "Urte guzti hauetan herritar talde batek antolatu du, eta aurrerantzean ere herritarrek antolatzea gurako genuke. Badirudi danborrada antolatzen jarraitzeko beste herritar talde bat badagoela eta Udala prest egongo da behar dituzten baliabideak edo laguntzak emateko, beti egon den moduan".
Udalak danborrada ahalik eta anitzena izatea ere gura duela esan du Zubiak: "Herritar guztiak animatu gura ditugu parte hartzera, danborrada ahalik eta anitzena izan dadin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.