Euskararen presentzia handitu nahi dute jatetxe eta tabernetan

Irati Goitia 2014ko uzt. 28a, 15:06

'Menuak euskaraz' kanpaina jarri du abian Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko hainbat taberna eta jatetxerekin batera. Helburua da euskararen erabilera areagotzea ostalarien eta herritarren artean, eta sariak ere izango dira. Abuztuaren 31ra arte egongo da martxan kanpaina.

"Konturatu ginen herriko ostalaritzan eta merkataritzan jartzen ziren errotulazio edo ohar asko gaztelera hutsean zeudela eta menuak ere hala zeudela", adierazi du Nerea Zubiak, Euskara zinegotziak. Hain zuzen, Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko jatetxe eta tabernetako menuak, ogitartekoak eta pintxoak iragartzeko erabiltzen diren euskarriak aztertu ditu eta emaitzak honako hauek izan direla azaldu du Zubiak: "Menuaren kartela kanpoan duten establezimenduen %70ek dute gaztelera hutsean eta barruan dagoen pintxo zein menu eskaintzaren%35ek". Bestalde, beste datu bat ere nabarmendu nahi izan du zinegotziak: "Oñatiko biztanleriaren %80tik gorak daki euskaraz".

Harrera ona

Ostalarien aldetik kanpainak harrera ona izan duela dio Udaleko ordezkariak. "Begi onez ikusi dute. Azken batean, laguntza eskaintza bat izan da". Zehazki, Udaleko Euskara Zerbitzutik testuak itzultzeko, zuzentzeko edo zalantzak argitzeko laguntza eskaini zaie ostalariei. Kanpainan hamabost jatetxe eta tabernak eman dute izena, baina oraindik ere har daiteke parte.

Erabilera sustatu

Zubiak esan du, baina, kartelak aldatzearena lehen urratsa izan dela. "Bezeroak eurak euskaraz eskatzera bultzatu nahi ditugu". Hala, kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan euskaraz eskatzen duten bezeroen artean bi lagunentzako afaria zozketatuko da eta saria eman duen establezimenduak ere sari bat jasoko du.

Bestalde, udan herrira etorriko diren turistek euskarazko paisaia linguistikoa ikustea ere garrantzitsua dela ere badio Zubiak. "Kanpotarrek beste hizkuntza bat dugula ikustea garrantzitsua da; ez da herritarrentzako bakarrik". Hain zuzen, horregatik erabaki dute abuztu bukaerara arte luzatzea kanpaina. Irailetik aurrera, bestalde, beste fase bati ekingo diote merkatariekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak