160.000 tona errefus tratatzeko gaitasuna izango du Zubietako zentroak

Miren Arregi Amasorrain 2014ko uzt. 3a, 13:00

Gipuzkoak hondakinen kudeaketarako zentro berria izango du Zubietan. Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta bat izango da eta urtean 160.000 tona errefus tratatzeko gaitasuna izango du. Sartzen den materiaren zati bat birziklatu egingo du eta gainerakoa egonkortu. Horretaz gain, Zubietako zentroak ontzi arinak tratatzeko aukera izango du eta baita konpostatze planta ere. 2015eko bukaera aldera amaitzea aurreikusten da.

2015erako zabortegiak itxi egingo dira eta horien alternatiba moduan hondakinak kudeatzeko zentroa eraikiko da Zubietan. Atzo eman zituen ingurumen diputatu Iñaki Errazkinek zentro horren gaineko datuak Oñatiko Zero Zabor astearen baitan egindako hitzaldian eta gaur egin dute Foru Aldundian, aurkezpen ofiziala. Zubietako Tratamendu Mekaniko Biologikorako plantak, urtean 160.000 tona errefus jasotzeko gaitasuna izango du eta %100 tratatuko du.

Sartzen den materiaren zati bat birziklatzeko ahalmena izango du; gainerakoa, egonkortu eta materia geldo bihurtuko du, gordailu batera eraman ahal izateko. Tratamendu Mekaniko Biologikorako plantak ontzi arinak tratatzeko aukera ere izango du; eta horretaz gain, Zubietako zentroak konpostatze planta bat ere izango du. 2014ko azaroan esleituko dira lanak eta 2015eko bukaera aldera amaitzea aurreikusten da.

Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko azpiegitura sarean sartzen dira, beraz, Zubietako zentroa, materia geldoaren gordailua eta bi konpostatze planta –lanean ari den Lapatxekoa eta Epelen eraikitzen ari direna–. Gipuzkoak, bestetik, 27 garbigune, hiru ekocenter eta ontzi arinak berreskuratzeko bi planta ditu.

Errazkin eta Alduntzin, Zero Zabor Astearen barruan

Zubietan eraikiko den zentroaren gainean eta Gipuzkoak hondakinen kudeaketara bideratuta izango dituen azpiegituren gainean aritu zen Errazkin bereziki atzo Oñatin egin zuen hitzaldian.

Hori bakarrik ez, debagoiendarrak zoriontzeko ere baliatu zuen atzoko agerraldia. Izan ere, "errefusak nabarmen behera" egin du. Haren esanetan, 2013tik 2014ra Gipuzkoan, %11,3 jaitsi da: Debagoienean aurtengo lehen lauhilekoan %27,2 egin du behera. Nabarmen behera egin duten eskualdeen artean dago Debagoiena. Beste biak dira Sasieta eta Tolosaldea.

Helburua, %60ko birziklatze tasa

Errazkinek  esan zuen, 2013an 190.000 tona errefus isuri zirela Urteta, Sasieta eta Lapatxera eta erraustegiaren dimentsioa, aldiz, 260.000 tonatarako diseinatua zegoela. Gaineratu zuen, gaikako bilketaren tasa sortutako hondakinaren %40tik gora doala eta aurreikuspenen arabera gora jarraituko duela datozen hilabeteetan. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean ezarritako helburua da %60ko birziklatze tasa batera iristea 2016an.

Errazkinen esanetan, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan orokorrean (GHHKPO) 2002-2016 aldirako egiten ziren aurreikuspenak "oso urrun" daude errealitatetik. Horrek arrazoiak, beste batzuen artean, herritarrek kontzientzia handiagoa hartu izana birziklatzearen beharraz.

Alduntzin, "afera politikoaz"

Hondakinen kudeaketaren alorrean alderdi politikoen artean desadostasun eta hika-mika nabarmenak egon dira eta dira gaur ere, eta gai horri heldu zion Juan Carlos Alduntzin ingurumen diputatu ohiak. Haren ustez, klabe politikoak daude oinarrian: besteak beste “presas” hartutako erabakiak, "interes ekonomikoak" eta "interes politikoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak