Mugikortasun arazoak dituztenen trabak ezagutarazi zituzten Trauti Elkartearen jaian

Maialen Torres 2014ko eka. 30a, 17:00

Oñatiko Trauti elkarteak jai berezia antolatu zuen zapatuan, herritarrek mugikortasun arazoak dituztenen trabak gertutik ezagut zitzaten. Kontzientziazioaz gain, elkartearentzako laguntza biltzea ere bazuen helburu jaiak, eta bazkide berri ugari lortu zituzten.

Mugikortasun arazoak oinarri hartuta, jaialdi berezia antolatu zuen Oñatiko Trauti elkarteak zapatuan. Jaialdiaren helburu nagusia herritarrak kontzientziatzea zen, egun batez mugikortasun arazoak dituzten pertsonen egoera esperimentatzeko aukera eskainiz. Horretarako, besteak beste, gurpildun aulkien erakustaldia eta zirkuitua, itsuen zirkuitua eta txakur laguntzaileen erakustaldia izan ziren Foruen Plazan. Eukene Igartua Trautiko kidearen esanetan, jaialdiaren helburua "herritarrak mugikortasun arazoak dituztenen tokian jartzea da, egun batez bada ere, eta horren bidez kontzientziazioa lortzea".

Aurtengoa Trauti elkarteak antolatutako bigarren jaialdia izan da eta iazkoa bezain arrakastatsua izan ez bazen ere, antolatzaileak pozik zeuden lortutako emaitzarekin. Euren esanetan, jende asko inplikatu zen eta parte hartu zutenak oso gustura ibili ziren. Jaialdirako prestatutako ekintzek eta plazan sortu zen giroak, gainera, herritar asko kontzientziatzea lortu zuen, eta bazkide bihurtzeko prestatutako gunean izen emate ugari egon ziren. Horietako bat Txema Martinena izan zen eta hark adierazi zuenez, elkartea "mugikortasun arazoak dituztenen alde mugitzen" ari zela ikusita, bere laguntza eskaintzea erabaki zuen.

Jaialdia, ordea, Trauti elkartearen jardunaren zati txiki bat baino ez da. Izan ere, urte osoan zehar egiten dute lan, Udalarekin elkarlanean. Mugikortasun arazoak dituztenen traba arkitektonikoak ezabatzea dute helburu, eta aurten, hainbat aurrerapauso eman dituzte. Besteak beste, polikiroldegi eta anbulatorioko aurrealdeak egokitzea lortu dute, baita hiru dendatako sarbidea konpontzea ere.

Hilerrian ere lortu dute eskaileren ondoan aulki mekaniko bat jartzea, baina euren lana ez da hor amaituko. Izan ere, hurrengo pausoa hilerriraino gurpildun aulkian iritsi ahal izatea da, errepidea ez den beste bide batetik. Oraindik erronka ugari dituzte aurretik, baina, pixkanaka, mugikortasun trabarik gabeko herria lortzeko bidean aurrera doa Trauti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak