Herrien arteko elkartasuna, El Filtroko gertakariak gogoan

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko eka. 21a, 18:32

"Duela hogei urte Uruguain bizi izan genuena barruan eramango dugu beti. Sentimenduak bor-bor izan ditugu gaur, dantzan. Emozioa handia izan da", azaldu du Jesus Mari Goitia Manueltxo oñatiarrak El Filtroko gertaerak gogora ekarri dituenean.

Errefuxiatu eta Iheslarien nazioarteko eguna zela aprobetxatuta, egun osoko aldarrikapen festa egin dute Oñatin Askapenak eta beste zenbait eragilek antolatuta. Gonbidatuen artean, duela hogei urte Uruguaiko El Filtro ospitaleko gertaerak gertutik ezagutu zutenak egon dira. Manueltxo oñatiarraz gain egon dira, adibidez, Uruguaiko kartzelan hil zen Agustin Urrutia plaentziarraren ama, ekainaren 10ean Uruguaitik Euskal Herrira bueltatu zen Pello Gomez Txikitin, egun Hernanin bizi den Joxe Arregi, Mikel Ibañez zenaren iloba eta egun Uruguain dagoen euskal errefuxiatu baten senide bat, esaterako. Gertakari haietan hil ziren Roberto Facal eta Fernando Morroni ere izan dituzte gogoan. Azken horren amaren ahotsa ere entzun da, elkartasuna adierazten. "Orduko elkartasunak bizirik dirau. Ordutik hona hirutan egon naiz Uruguain, hango lagunekin. Bigarren etxea dut", aitortu du Manueltxok.

Oñatiko Euskal Memoria taldea

El Filtroko gertaeren 20. urteurrenaren harira, hitzaldiak, bideo emanaldia eta tertulia antolatu ditu, besteak beste, Oñatiko Euskal Memoria taldeak. Egubakoitzean izan zen azkena; Manueltxorekin afaria eta tertulia egin zuten gaztetxean. Askapenak gaurko antolatu duen egitarauan ere izan du tokia duela hogei urte Uruguain pasa zenak. "Herrien arteko elkartasunak bizirik" jarraitzen duela adierazi du Askapenako kide batek eguerdiko ekitaldian.

Joxean Agirre, Gipuzkoako Sortuko koordinatzaileak ere hartu du hitza: "Orduko elkartasun bera ari gara jasotzen orain ere nazioartetik. Mexikotik eta Uruguaitik, esaterako, elkartasun eta laguntza mezuak iristen zaizkigu, gure prozesuan aurrera egiteko". Eta gaineratu du: "Preso eta iheslariak Euskal Herriratzeko lan itzela dugu egiteko, denak aske eta baldintzarik gabe etxean egon daitezen".

Internazionala eta Eusko gudariak kantuak abesten bukatu dute eguerdiko ekitaldi politikoa. Haren segidan elkarrekin bazkaldu dute guztiek Antixena parkean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak