El Filtroko gertakariak gogoan izango dituzte Oñatin asteburuan, 20. urteurrenean

Julen Iriondo 2014ko eka. 20a, 11:12

Manueltxorekin tertulia egingo dute gaur, egubakoitza, gaztetxean, eta egun osoko egitaraua prestatu dute biharko. Euskal errefuxiatuak estraditatzera zihoazela eta, protesta handiak izan ziren Uruguain 1994an: bi pertsona hil ziren haietan, eta beste 15 ere zauritu zituen balaz poliziak.

Uda honetan beteko dira hogei urte Montevideoko El Filtroko gertakarietatik. Jesus Mari Goitia Manueltxo oñatiarra eta beste bi euskal errefuxiatu gose eta egarri greba egiten ari ziren, estraditatu egin behar zituztela-eta. Uruguaiko milaka herritarrek erantzun egin zioten asmo horri, eta bi lagun hil ziren El Filtroko ospitale kanpoko mobilizazioetan, eta beste 15 lagun zauritu zituen balaz poliziak, 200 pertsona atxilotzearekin batera. Ospitale aurrean ate-zaindari egon ziren hainbat eta hainbat uruguaitar, euskaldunen asilo eskubidea defendatzen.

Ba duela 20 urte gertatutakoen gainean jardungo du Manueltxok gaur, egubakoitza, gaztetxean egingo duten tertulian. 21:00etan afari-merienda egin eta gero izango da.

Biharko, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute Askapenak eta beste zenbait eragilek eta herritarrek, zapatua Errefuxiatu eta Iheslari Politikoen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta, gainera. 12:00etan kalejira eta "poteo internazionalista" egingo dute, herriko plazatik abiatuta; 13:30ean, ekitaldi politikoa Filtro, 20 urte: herriak ez du ahazten izenburupean, Atzeko kaleko plazatxoan; 14:30ean herri bazkaria izango da Antixena parkean, eta, ondoren, Fran eta Zuriñe bikotearen (Hesian) emanaldi akustikoa; azkenik, 22:00etan, kontzertua, Atzeko kaleko plazatxoan hau ere, Bad Sound System eta Izerdi Gorria taldeekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak