Herri Administrazio eta Justizia sailburu Josu Erkoreka Oñatiko batzokian izan zen atzo, eguaztena, gaur egungo Euskadiko egoera politiko eta ekonomikoari buruzko hitzaldia ematen. Egoera politiko orokorraren azterketa egin ostean, EAJren hurrengo helburuak zeintzuk diren azaldu zituen eta horiek lortzeko nolako jarduna egiten aridiren ere adierazi zuen.
Hiru helburu nagusi
Gaur egun hiru helburu nagusi dituztela azaldu zuen Erkorekak: "Lehenengoa da ekonomiaren egoera aurrera ateratzea, krisiaren kontrako estrategia sendoa martxan jarriz eta ahalik eta lasterren gure enpresak, gure ekonomiak, aurrera egin dezala lortuz. Horren ondorioz enplegua ere sortu ahal izateko".
Euren bigarren helburua da ETAren amaieraren ondorioz oraindik gainditu gabe dagoen irakasgai bati aurre egitea: bakea finkatzea eta elkarbizitza sortzea edo eraikitzea.
Eta hirugarren helburu nagusia estatus politikoari buruzkoa da. Erkorekak azaldu zuen autogobernuak urte asko egin dituela, onak eta txarrak, eta uste duela ordua heldu dela hemendik aurrera zein jarrera hartu behar den zehazteko: "Foro aproposa, egokia, daukagu; Legebiltzarra bera. Momentu honetan alderdi politiko guztiak dauzkagu ordezkatuta bertan eta momentu egokia da aurrera begiratzeko eta gure autogobernuak ze nolako bultzada behar duen gure artean hausnartzeko, eta gero, erabakitzeko".
Jeltzaleek eskerrak eman zioten Erkorekari
Oñatiko EAJko udal taldearen aldetik, gainera, esker ona jaso zuen Erkoreka sailburuak. Oñati herriari eta Debagoienari egindako ekarpenengatik eta lortutako guztiagatik eman zizkioten eskerrak. Izan ere, jeltzaleen esanetan, aurreko legealdian, Erkorekak, Kongresuko Diputatu zela, hainbat diru laguntza lortu zituen: batetik, 6 milioi euro Oñatin Enpresagintza eraikina egiteko; eta bestetik, 7 milioi euro, Arrasateko Eskola egiteko.
Erkorekak hitzaldian ere azaldu zuen Debagoienarekin eta bereziki Oñatirekin harreman estua izan duela bere jardun publikoan eta pozik dagoela herrian inbertsio garrantzitsuak aurrera atera ahal izateko jasotako laguntzak lortu izanarekin.
Mugitu AHT Gelditzeko plataformakoek, protesta
Bestalde, eta aurreko astean iragarri zuten moduan, Mugitu AHT Gelditzeko plataformako kideek protestaldia egin zuten batzoki kanpoan Erkoreka han zela aprobetxatuta. Sukaldari jantzita, Tartakada zaratatsua egin zuten. Oihu eta txistu artean Erkorekari esan zioten kostu handiko proiektu txikitzailearen kontra daudela eta Oñatin ez dela ongietorria.