Aratz Losada da urteurreneko antolatzailea: "Zapaturako antolatu duguna da omenaldi partidua. Orduko jokalariei, 1993-1994 denboraldian igoera lortu zutenei, omenaldia. Eta hala, lagunarteko norgehiagoka jokatuko da. Orduko jokalariak egungoen aurka arituko dira". Losadak gaineratu du Aloña Mendiko historian behin bakarrik lortu dela horrelako balentria eta uste duela jokalariek merezi dutela herriaren errekonozimendua. Hain zuzen, partiduaren aurretik omenaldia egingo zaie orduko jokalariei.
Igoera lortu zuten jokalariak ibili dira entrenatzen zapatuko lehiarako. "Albistea jaso nuenean asko poztu nintzen. Izan ere, egia da ordutik ez dugula aukerarik izan berriro elkartzeko eta pozgarria da lagunekin berriz batzea. Entrenatzen ere bagabiltza, baina helburua da batzea, lehengo kontuak kontatzea eta ondo pasatzea", adierazi du Jose Luis Abaunz orduko kapitainak.
Bestalde, egungo kapitain Iker Olaldek esan du ohorea dela igoera lortu zuen taldearen aurka aritzea: "Batzuk gogoan dugu garaipen hura. Etorkizuneko jokalariek, ordea, ez dute horren presente izango. Beraz, une ona da omenaldia egiteko. Gainera, dezentek uzten dugu taldea aurten eta horrela agurtzea ikaragarria izango da".
Oroitzapenak, iruditan
Olaldek gogoan du igoera hura, baita Losadak ere, ospakizunetako argazkietan ere azaltzen da. "Etorkizun baten jokalari izango nintzen ilusioz azaltzen naiz. Oraindik ere ondo gordeta dut argazki hori etxean, ikuste hutsak izugarrizko emozioa sortzen dit", dio Losadak.
Abaunz garaikurra jasotzen azaltzen da argazkitan, 29 urte zeuzkan orduan: "Une oso polita izan zen, harro sentitzekoa. Izan ere, hamasei urte Aloña Mendin ibili ostean, horrela amaitzea harro sentitzeko modukoa izan zen, hori izan zen-eta nire azken partidua". Orduko argazkiak ikustean, Jose Luis Agirre oso gogoan du Abaunzek: "Ez dut uste inor bera bezain zoriontsu izango zenik une horretan". Hala ere, berak ere irribarrez oroitzen ditu irudiok: "Une politenetakoa izan zen plazako ospakizuna bandarekin eta udaletxera igo ginenekoa. Hala ere, aurreko astekoa, Loiolatik bueltatu ginenekoa, ikaragarria izan zen. Jendea plazan itxaroten genuela esan ziguten eta autobusa plaza erdira sartu zen. Han zegoen giroa eta nola ospatu genuen izugarria izan zen. Inprobisatua izan zen, jende asko zegoela plazan eta oso hunkigarria izan zen".
Bi igoera
Aloña Mendik talde ona izan zuen garai hartan, izan ere, hiruzpalau urtetan bi igoera lortu zituen. 1991kan, hiru urte lehenago, preferente mailara igo zen taldea. "Elkartu zen oso promozio ona. 1987-1988 nahiko urte makalak izan ziren. Arazoak egon ziren: kanpoko jende asko etorri zen taldera. Kategoria galdu genuen eta uste dut hori izan zela inflexio puntua. Berriro hasi ginen Oñatiko jendeaz jokatzen. Giro polita lortu genuen, koadrilla bat ginen. Lehia amaitu ostean ere elkarrekin joaten ginen zerbait hartzera. Ni Ikerren aitarekin hasi nintzen eta ordukoek erakutsi ziguten, futbolaz gain, landu behar zela adiskidetasuna. Horregatik, genuen giroa azpimarratuko nuke. Hain zuzen, talde horrek lortu zituen bi igoerak", dio Abaunzek.
Orain dela hogei urtekoa bezala, zapatukoa ere oroimenerako eguna izango da.