Elikadura jasangarria landu dute herriko ikasleek urtean zehar Eskola Agenda 21 programaren barruan: irteerak egin dituzte, baratzak landu edo azoka eta supermerkatuera joan, adibidez. Gaur, udal agintariendako proposamen zehatzekin joan dira udaletxeko osoko bilkuren aretora.
Zukuak
Esaterako, udan, txurro saltzailea egoten den tokian zukuak edo fruta saltzen duen postua jartzeko proposatu dute. Mikel Biain alkatea eta Aitor Gerenabarrena landa garapeneko udal teknikaria egon dira proposamenei erantzuten eta biek aitortu dute ideia ona dela hori. "Horretarako eskaerarik, baina, ez dugu jaso. Txurroak edo pizzak saltzeko postua jartzeko bai, baina zukuak saltzeko ez. Dena dela, egunen baten eskaera hori jasotzen badugu gustura aztertuko dugu", adierazi die gaztetxoei alkateak.
Bertako eta sasoiko produktuen alde
Herriko baserritarrek ekoizten dituzten produktuen alde egiteko ere eskatu dute gaztetxoek, publizitate kanpainak eginez, diru laguntzak emanaz edo herriko jatetxe, eskola edo jaietan bertako produktuekin egindako jatorduak prestatuz. Proposamen horiei erantzunez, alkateak esan die moxalaren haragiaren aldeko kontsumoa sustatzeko kanpaina egin duela, adibidez, udalak herriko harakinekin. Herri Egunean egiten den herri bazkarian ere herriko produktuak erabiltzen dituztela jatordua prestatzeko, nahiz eta prestaketa lan hori kanpoko enpresa batek egin. Diru laguntzei buruz, Gerenabarrenak azaldu die Oñatiko Udalak hiru bide dituela zabalik baserritar eta abeltzainei laguntzeko, eta "nahiko aintzindaria" dela gai horretan. "Batetik, abereei emateko edo lurrak ureztatzeko erabiltzen duten ura ordaintzeko laguntzak ematen ditu; bestetik, baserrian obra egiteagatik ordaindu behar duten tasak hobariak ditu eta azkenik, beste diru laguntza bat du azpiegitura handitzea gura izanez gero".
Baratzeak
Udalak herritarrendako baratzeak jartzea izan da beste proposamenetako bat. Horri lotuta, Mikel Biain alkateak adierazi die martxan dagoen proiektu bat dela hori. "Teknikariak herriko 10 gune aztertu ditu ikusteko horretarako aproposak diren edo ez. Lur sailaren orientazioa, tamaina eta egoera, adibidez, kontuan izanda, hiruzpalau aukeratu ditugu. Gaur bertan dugu bilera lur jabe horietako batekin. Behin lur sailak lotuta, oharrak jarriko ditugu herriko atarietan, proiektuaren berri emanaz eta interesa izan ditzaketen herritarrek izena non eta noiz eman behar duten azalduz. Interesa duen herritar kopuruaren arabera gune bat edo bi egokituko ditugu", aurreratu du.