Iluntzean botako dute jaiei hasiera emango dien etxafuegoa Gauean, kontzertua egongo da Gela Berezia, Ixilik eta Malenkonia taldeekin. Bihar ere egongo da musika zuzenean entzuteko aukera, Potx eta Motx pailazoak ere bai, eta baita herriko artisauen azoka ere. Domekan, berriz, Amets Arzallus eta Mailen Lujanbio etorriko dira bertsotan egitera.
Jaien denboraldia
Olabarrietako jaiak izaten dira maiatzaren lehenaren bueltan. Eta haren segidan datoz herriko jai seinalatu asko. San Migel Txikien ostean Kasablankako jaiak izango dira datorren asteburuan. Eta maiatzeko azkenean, berriz, Errekaldekoak. Ekainean Olakuakoak, Korpus jaiak eta Zubillagakoak izango dira, eta uztailean, Trianakoak. Urrira arte ez da atsedenik egongo.