Esan bezala, eguerdi partean hasiko dira ekintzak: erdiko kalea itxita egongo dela aprobetxatuta, umeendako puzgarriak jarriko dituzte plaza inguruan, eta jokoak ere egingo dituzte. Etxeko txikienek ederto pasatzen duten bitartean, helduek sagardo eta taloa dastatzeko aukera izango dute aurten ere.
Bazkaltzeko ordua heltzen den bitartean, gura duena kultura etxera ere joan ahal izango da, lehen solairuan dagoen toponimoen erakusketa ikustera.
Sagardotegi menua
Herri bazkarian berrikuntzak daude: herriko harakinen laguntzarekin, sagardotegi menua prestatuko dute aurten plazan. Txartelak bihar, zapatua, goizera arte erosi ahalko dira; elkarteko bazkideendako 13 eurotan salduko diren bitartean, gainerakoek 15 euro ordaindu beharko dituzte; eta umeen txartelek 10 euro balio dute.
Bazkaldu ostean, 17:00etatik 19:00etara, puzgarrietan eta tailerretan ibiltzeko aukera izango dute ostera haurrek. Musika ere ez da faltako. 18:30ean, Bide Ertzean taldeak kaleratutako azken lana aurkeztuko du Inkernu kanpoaldean. Iluntzean, triki poteoaren ostean, Akerbeltzen txanda izango da; 21:00etan hasiko dantzaldia toki berean.
Harpidetza kanpaina
Bestalde, Aitzorrotz kultura elkartetik jakinarazi digute biharko eguna aprobetxatuko dute harpidetza kanpaina martxan jartzeko.