Pailazoek eurek azaltzen digute zer ekarriko duten Bergarara: "Erromeria bat da Dantzan ikuskizuna. Txiribitonek akordeoia joko du eta Mirrik, txistua. Umeei dantzak erakutsiko dizkiegu ohiko umore giroan, eta esketxak ere egingo ditugu". Ikuskizunera joaten diren ume eta gurasoek "barre batzuk" egingo dituztela agintzen dute pailazoek.
Hori bai, lotsa alde batera utzi beharko dute; izan ere, "oso ikuskizun parte-hartzailea da", esaten dute pailazoek.
Musika ezaguna
Beraz, musikologia izango da nagusi Dantzan emanaldian: Barre Egin, Sudur Gorria, Allakuidaus, Zarata Orkestra, Aiton-Amonak Txapeldun, Pintto Pintto eta Altza Pelipe mitikoak, besteak beste.
Arin-arina, kalejira, aulki dantza, zazpi-jausi, balsa… Denetik dantzatzen dute Txirri, Mirri eta Txiribitonek, eta ez pentsa inor libratuko denik, ipurdi guztientzako deialdia baita Dantzan ikuskizuna. Euskal musika, betiko Txirri Mirri eta Txiribitonen abestiak eta betiko hirukote bihurria izango dira Bergaran domekan.