Herriko hiru ikastetxeek eta Udalak osatzen duten Hezkuntza Mahaian du iturburua atzodanik Oñatin abian den Eskolabus proiektuak. "Ikusi genuen bazegoela modua Oñatiko autobus zerbitzua optimizatu eta arrazionalizatzeko. Izan ere, ikastetxe bakoitzak bere autobus zerbitzua zuen, denak ere ordu antzerakoan, eta autobusak ez ziren beteta joaten" azaldu du Nerea Zubia Hezkuntza zinegotziak.
Egoera erreala eta berau hobetzeko neurri posibleak aztertzeko diagnostikoa egin zuten hiru ikastetxeekin batera eta azkenean Txantxiku Ikastola eta Elkar Hezi Ikastetxea sartu dira Eskolabusen. Urgain momentuz kanpoan geratu da, ikastetxe publikoa denez, garraioa Eusko Jaurlaritzaren ardura delako.
Bi autobus
Aurrerantzean, bi autobusek eroango dituzte umeak Txantxiku Ikastolara eta Elkar Heziikastetxera: autobus handia izango da bat, eta txikia bestea. Nerea Zubiaren esanetan, sistema berriarekin autobusek ez dituzte lehen bezala ibilbide bikoitzak egingo: ibilbide motzagoak izango dira, eta horrek onurak ekarriko ditu bai ekonomikoki eta baita ingurumenari dagokionean ere.
Erabiltzaileei batez ere ordutegian eragingo die aldaketak, asko jota lehen baino 15 minutu lehenago edo beranduago hartu beharko dute-eta autobusa. Beste aldaketa bat da ikastetxe ezberdinetako neskatila mutikoek autobus bera hartuko dutela.
Proba, ikasturtea amaitu arte
Ikasturte bukaera arte iraungo du Eskolabusen proba pilotuak. Orduan, berriz ere elkartuko dira ikastetxeak balorazioa egin eta datorren ikasturtera begira proiektuarekin jarraitu ala ez ikusi edo hobekuntzak planteatzeko.
Nerea Zubiaren esanetan, Eskolabus proiektua marko orokorrago baten kokatzen dute. Izan ere asmoa da eta eskolara garraio pribatuan joan beharrean, garraio publikoan, oinez edo bizikletan joatea sustatzea.