Argiak ez ezik, pertsonak ere piztu izan dituzte Urrexolako urek

Julen Iriondo 2014ko mai. 8a, 12:00

Urrexolako urak, edo, zehatzago esanda, inguruko mendietan jaso eta hodietan auzora iristen direnak ezagun dira, Oñatirako argindarra sortzeko erabiltzen direlako Olateko zentralean. Inola batu beharrik gabe, berez iristen da, ostera, uratsa auzora. Eta ur sufretsu horiek osasunari eragin diezaioketen onura dela-eta, bi bainuetxe egon ziren han, Oñati errekaren arroaren sakonera joanda dagoen landa auzoan. Eta hori zuten berezitasunetako bat, hain justu: kokapena eta kokapen horri lotutako izaera.

Izan ere, bainuetxe ugari izan ditu Debagoienak historian zehar. Leintz bailarakoak, baina, jarduerarako propio eraikitako eraikin handiak izan ziren; Oñatikoak, ostera, kanpotik etorritako jendeak bainuak hartzeko egokitutako baserriak: Garaikua eta Urrexolako Errota. 

Bainuetxea, betidanik 

Urrexolako Errotan Mari Juana Madinabeitiak betidanik ezagutu ditu bainera eta gainerakoak –lehenago errota ere izan zen euren etxea, nahiz eta eurek jardun hori ez ezagutu–. Bere gurasoek eramaten zuten bainuetxearen martxa, gaztetxo zela, 1970ean, itxi zenera arte. Mari Juanaren gaztaroa bainuei lotuta egon zen, beraz, ezinbestean. Harena, eta etxeko gainerakoena: amak baino lehenago amandreak prestatzen omen zituen, adibidez, bainuontziak, uraren tenperatura neurtu eta bainua hartzeko puntuan utziz. Astebeteko egonaldiak egitera joaten ziren asko, erreuma edo bestelako minak edo azaleko arazoak zituztela-eta, adibidez.

Ia mende erdi pasa da jarduera eten zutenetik –mende erdi besterik ez, bestalde, lehenagoko kontua eman dezakeen arren, askoren belarrietara bainuetxeari buruzkoak iritsi ez direla erreparatuz gero–, baina bainurako sistema eta instalazioen itxura ez da askorik aldatu ordutik hona. Mari Juanak lagundu gaitu ura etxe ingurura iristen den tokitik baserriko geletako batean txukun-txukun jarraitzen duen bainuontzira egiten duen bidean. 

Etxetik ehun metrora, Aitzgain aldetik errekaren aldamenean datorren errekastora garamatza: "Esaten dute haizpeetatik datorrela, eta hemen izkinatxoan agertzen da uratsa". Handik metro gutxira dago ate urdindun depositua, bi metroko sakonera duena: "Beteta egoten da beti, goraino; mantendu egiten da"; erreka ur gutxirekin datorrenean ere bai. Kanpotik urdin edo gris traza hartzen zaio urari: "Baina argi-argia dago"; eta putzuan eskua sartu eta erakutsi digu.

Handik etxepera lurrazpiko hoditerian doa ura, sarrerako iturriraino. Han pilatzen da berriro, eta gaur egun iturrian behera bakarrik doan arren, garai batean etxean gora ere egiten zuen, paretan jarritako punparen bitartez. Iturrian erreparatuta, agerikoa da denboraren poderioz ur emariak bere bidean utzitako geruza grisa, Mari Juanak errauts deitzen duena: "Jendea etortzen da oraindik, eta hostoetako errautsa hartu –zilar koloreko gezurretako hosto apaingarriak dirudite–, eta ezemak dituenak, belaunean edo orpoan, egiten du hau", dio errautsarekin azala igurtziz. Oraindik ere bai: "Halako jendea badago oraindik ere". Baita hosto horiek hartu eta potean sartuta etxera eramaten dituenik ere –eta ura botiletan eramaten dutenak; eurek ere lehen astero eramaten omen zieten lagun batzuei herrira, han bizi baitira eurak ere orain–. Paseoan doazela, aprobetxatuz, joaten dira batzuk iturria dagoen lekuraino, baina "espresuki" ere bai beste batzuk beraz; ura edatera ere bai. Eta ura edateak duen efektuaz galdetuta, "barrua garbitu" egiten duela esaten dutela dio. 

Bertan egonda, nabarmen antzematen da urari darion usain berezia, arrautza ustelarenaren antzerakoa; eta edatea gustagarria ote da? Ohituta dagoenak arazorik gabe edaten duela dio; esan eta egin: iturri albotik edalontzia hartu, bete eta tragoan hustu du. 

Guardaren anekdota 

Urak uzten duen aztarna grisera itzuliz, kontatu digu Mari Juanak nola guarda joan zitzaien behin, esanez ez zezatela gehiago ibaira isuririk egin –etxekoek orbana uzten zuen produkturen bat errekara botatzen zutelakoan–, hura urak berez uzten zuen marka zela ohartu gabe. Indar handikoa behar du, bai, uratsaren osagai berezi horrek, bitxiak-eta ere hondatu egiten ei ditu-eta, ukitu ere egin gabe, sortzen den "atmosferagatik".

Eta punpari eraginda ura eramaten zuten terrazara goaz, honenbestez, eskaileretan gora gu. Terrazako zoruaren azpian beste depositu bat dago. Handik bi bide hartzen ei zituen urak, zuzenean bainuontzi gelara batetik –hotza– eta galdarara berotzera bestetik. Gogoan du Mari Juanak nola, txikiak zirela, sartzen ziren depositura, hura garbitzera, bestela zikinkeria pilatu eta ubideak oztopatzeko arriskua zegoela eta. Eta deposituko ur kopurua gutxitzen joan ahala, ura igo behar izaten zen berriro, zenbat eta jende gehiago bainuak hartzen, sarriago: "Egunean, behin baino gehiagotan". Aita ibiltzen ei zen zeregin horietan, bere oroitzapenen arabera. 

Eta berriz ere behera, galdarara. Adreiluz estalitako edukiontzian pilatzen zen ura, beheko aldean sua egin eta berotu, orduan bai, bainugelara bideratzeko: "Ur beroa gehiago erabiltzen zen hotza baino, urak beroa behar zuen", dio Mari Juanak, behin gelara iritsita. Hor ditu bainuontziak bi iturriak –bestea lehen aipatutako ur hotzarena, zuzenean terrazatik zihoanarena–. Eta bainuontzia bera marmolezkoa. Bi bainuontzi erabiltzen zituzten Urrexolako Errotan, eta dio gure gidariak akordatzen dela nola bidaltzen zituzten umeak –zazpi anai-arreba ziren– bainua hartzen ari zirenei galdetzera ea ondo zeuden, gelako atearen bestaldetik: "Erantzuten zuten eta listo". 

Izaten omen ziren 15-20 minutuko bainuak: "Uretan leporaino sartuta". Eta denbora hori pasata, aldameneko gelara, ordu erdi batean edo egotera, gorputzak izerdia bota zezan –uda aldera arbolen gerizpetan ere hartzen ei zuten atseden batzutan–. Eta erakutsi digu gela ere, antzinako itxuraduna.

Gela horiek bainu osteko atsedenerako izaten ziren soilik, ez lotarako, libre geratu behar izaten zuten-eta hurrengo bainua hartzera zihoanarentzat. Goiko solairuan omen zituzten bi ohedun lau gela. Haietan pasatzen zuten gaua geratzeko joaten zirenek. Izan ere, eguneko bainua hartu –egunean bainu bakarra izaten zen– eta etxera itzultzen zirenak egon baziren ere, beste hainbatek egonaldiak egiten zituzten bainuetxean, bost egunekoak adibidez. Hirukoak ere izaten omen ziren, zazpi egunekoak gutxiago, eta bederatzikoa bakarren bat. 

Leku askotako jendea 

Pentsatzekoa da kanpotik etortzen zirenen kasuan izango zirela gehiago bertan lotan geratzen zirenak –oñatiarrak ere baziren, hala ere–. Eibartik eta Elgoibartik hasi eta Gatzagara artekoak etortzen omen ziren; eta Legazpi eta Zumarraga aldekoak ere bai, nahiz eta gutxiago. Eta jendea ibiliko zen, ze diote etxekoek Errotako logelak betetzen zirenean Olateko osaba baten etxean ere egiten zutela lo bezeroek, baita eurek ere. Eta belar gainean ere lo egindakoak omen dira, bainu-hartzaileentzat logela gehiago izatearren.

Arrakastatsuak ziren, hortaz, Urrexolako urats bainuak, benetan mesede egiten zutenaren seinale. Ba omen ziren medikuaren aginduz joaten zirenak ere, eta gogoan dute bertakoek bazela, adibidez, Torreauzoko gizon bat astoak tiratutako organ joan behar izaten zuena bainua hartzera, erreumak bihurrituta: denborarekin, bizikletaz joateko gai izan ei zen.

Urrexolako Errotako bainuetxean jarduerari 1970ean utzi bazioten ere, guztia bere horretan, erabiltzeko moduan egon zen 1983ra arte. Urte hartako uholdeetan ur eta lokatz asko sartu eta instalazioak hondatu egin ei ziren, eta baita berriz ere hamar bat urte beranduago. Poliki-poliki joan dira etxekoak dena bere onera eramaten, eta asmoa dute etorkizun hurbilean berriz ere bainuak hartzeko moduan gera dadin: "Geuretzako, bai", dio Mari Juana Madinabeitiak.

----------

Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Aramaion ere bai

XIX. mendean sona handia izan zuten Gipuzkoako bainuetxeek: hor ziren Zestoakoa, Altzolakoa edo Ataungoa, adibidez, eta baita Leintz bailarakoak ere; aukera zabala zegoen gurean.

1825ean eraiki zuten lehenengoa, Arrasateko Gesalibar auzoan. Santa Agedako uren bertuteak, baina, ezagunak omen ziren XVI. mendearen erdi aldera. 1897an etorri zen bainuetxearen gainbehera, Angiolillo izeneko anarkista italiarrak Espainiako Ministroen Kontseiluko presidente Canovas del Castillo erail zuenean bertan. Izan ere, zuen mailaren erakusle, goi kargudunen ohiko atseden toki zen hura.

Aretxabaletan, 1843an eraiki zuten Ibarrako bainuetxea; 1867an, berriz, Otalorakoa. Europako onen jotzen zuten bigarrena, kokapenagatik eta eskaintzen zituen erosotasunengatik. Eskoriatzako bainuetxea ere garai hartakoa da, 1866an eraikia, eta inguruko lau iturburutako urak erabiltzen zituen. Aristokrata madrildarrak ohikoak omen ziren denetan, eta hortik Aretxabaletan Portasol izenarekin geratu izana bertako auzoetako bat.

Aramaiok ere izan zuen bainuetxea, 1827an irekia. Sasoi oparoenean, 1880 eta 1885 artean, 400 lagun jasotzera heldu ei zen denboraldiko. 

----------

Baita Garaikua baserrian ere

Hamarkada batzuk lehenagora artekoak dira Urrexolako beste bainuetxeko kontuak. Garaikua baserriaren ostean etxetxo bat egin eta hortxe jarri zituzten lau gela, haietako bakoitza bainuontzi batekin. Eta hara ere joaten omen jendea, eta denek gaua pasatzeko adina lekurik ez; aldameneko etxekoek apropos eraiki omen zuten ostatua, hori ikusita. Gipuzkoako urats fuerteenetakoa omen zen bertako iturritik ateratzen zena. 

----------

Mari Juana Madinabeitia | urrexolako errotakoa): "Atsedenak ere egiten zien mesede, bainu ostekoak; baina urak ere bai"

Urrexolako Errotako zazpi anai-arrebetako bat da Mari Juana. 1970ean, baina, neba eta ahizpa bana galdu zituen zoritxarreko auto istripuan, amarekin batera, eta hark ekarri zuen bainuetxeari lagatzea. Ordura artekoez jardun dugu.

Ze jende etortzen zen, ba, bainua hartzera? Jende nagusia. Gerritik gaizki zebilena, edo erreumarekin, bainu beharra zeukan jende nagusia.

Dirudun jendea? Ez, dirua beno... Egindako esfortzuekin minez zegoen jendea gehiago, esango nuke. Dirudunak baino, halakoak gehiago.

Bailaran izan dira bainuetxe gehiago, baina hau desberdina zen, beraz; mendian... Besteetara agian joango zen beste era bateko jendea, baina... Bai. Baina hona asko oinez-eta etortzen ziren, edo ekarri egiten zituzten; baten bat astoz ere etortzen zen, edo gurdian [ez zegoen bide onik bertara iristeko]...

Herrian ezagunak ziren hemengo bainuak?  Bai, bai. Oso ezagunak ziren herrian. Hemengo jendea ibiltzen zen batez ere.

Beraz batzuk egingo ziren etorri, bainua hartu eta etxera itzuli ere bai, baina beste batzuek egonaldiak egiten zituzten. Bai. Ni gogoratzen naiz jangelan sei edo zazpi gizon egoten zirenekoak. Agian bazkaldu egingo zuten eta alde egin, hori ere egingo zuten. 

Eta gelditzeko etortzen zirenak, gainerako orduetan zer, hemen ibili? Bai. Tertulian egoten ziren, jangelan tertulian. Gizonak izaten ziren normalean, eta lasaiago ibiltzeko modua zuten. 

Uratsak mesede egiten duela konprobatutako gauza da? Bai, bai. Lehen baserrietan-eta lan asko egiten zen, eta jende hori nahikoa gaizki ibiltzen zen gerritik-eta. Eta etortzen ziren, ezta arintzen zitzaien mina. Atsedenak ere egiten zien mesede, bainua hartu osteko atsedenak. Baina urak ere bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak