Oñatiko ermita guztiak, parrokiak eta Arantzazuko santutegia eta Bidaurretako monasterioa moduko eraikin esanguratsuen koadroak ditu alde batean, eta herriko dorreen eta udaletxearen maketak haien aurreko horman, lehen barra zegoen lekuan.
Barra, bai; izan ere, hori da arreta ematen duen beste gauza bat: Joxek bere lanak bildu dituen lekua lehengo Guria tabernaren lokala dela, erabat aldatua. Leku berezia zen Guria, museo etnografiko itxurako taberna, eta erakustoki itxura du orain ere, nahiz eta oso bestelako. Lokala familiarena izan, eta taberna ixtean bertan jarri ditu ganbaran pilatuta zituen eskulanak.
Pazientzia handia
Pazientzia handiarekin eginak dira bai koadroak eta bai maketak. Piezatxoak banan-banan sortu eta elkarri itsatsi gero. Ameriketako zuhaitzen egurra erabiliz dira eginak: "Sanba eta koto dira egurren izenak". Zainik ez dutela, horixe abantaila.
Zenbat ordu pasa ote zituen 15 urtean Joxek lan hauek egiten: batzuk egiten hile bi, beste batzuekin hiru... esan digunez. Bidaurretako monasterioarena egiteko lauzpabost. Hori koadroei dagokienez; udaletxearen maketa egiten, berriz, urtebete eman omen zuen: "Beti egiten, egunero, jai eta aste; obrarik onena hauxe izan da", dio.
Azkenerako lan mordoxka bat pilatuta, urrun geratzen da aurrenekoa, Magdalena ermita, Joxeren auzokoa –zein bestela lehena–. Lanak benetakora ahalik eta gehien gerturatzeko, jarduteko moduak ere bilakaera izan zuen. Argazkiak erabili izan zituen, baina, lehenago, ikustera joan eta apunteak hartuta egiten zituen; "bigarren eta hirugarren aldiz" ere joan behar izaten ei zuen lekura, aldi bakarrerako informazio gehiegi eta. Eta behin egurrarekin hasita, "pultsua eta ikusmena", denak onak behar. Utzi zion Joxek halako lanak egiteari; baina eginda daudenak erakusteko prest dago.