Aurrez zehaztutakoa baino ordu erdi lehenago hasiko da kontzertua, gaztelekutik aditzera eman dutenez. Hain zuzen ere, Willis Drummond taldeko mutilek kontzertu bikoitza jo behar dute gaur eta Oñatitik Bilbora, Deustura, joan behar dute emanaldia amaitutakoan.
Hala, lapurtarrak izango dira oholtzara igotzen lehenengoak. A ala B azken diskoko kantuak joko ditu laukoteak; baina Instanteak, Willis Drummond eta Anthology lanetan jasotako abesti zaharragoak ere tartekatuko dituzte.
Oñatiko eta Eibarko rocka
Ez dira, baina, gaztelekuko protagonista bakarrak izango; esan bezala, hiru dira gaur gaztelekuko oholtza gainean arituko diren taldeak.
Hori horrela, Bagauda talde oñatiarrak ere rock musika egiteko aprobetxatuko du gaurko gaua eta Willlis Drummond taldekoen ostean entzun ahal izango dira haien doinuak. 2010a ezkero jotzen dute elkarrekin Jonanek, Mikelek, Anderrek eta Julenek, eta hasiera batean bertsioak egiten baldin bazituzten, kantu propioak sortzen hasi ziren poliki-poliki. Hala, gaur, 2013ko udan Amorotoko Musikorta estudioan grabatutako maketan jasotako kantuak interpretatuko dituzte.
Azkenik, EH Sukarra talde beteranoaren doinuekin agurtuko da egubakoitz gaua gaztelekuan. Norton-ek eta haren lagunek Uhinak zortzigarren diskoa kaleratu zuten iaz, eta nahiz eta urteekin EH Sukarra eraldatzen joan den, haien melodiek eta doinuek apenas izan dute bilakaerarik; horrek aurreneko unetik egiten ditu ezagun eibartarren kantuak. Oraingo eta betiko jarraitzaileentzako aukera paregabea da gaurko kontzertua, beraz.