Beharra sortzean ahalik eta ondoen erantzuteko, baliabide berriak

Julen Iriondo 2014ko mar. 19a, 16:00

Suhiltzaileen beharrik ez izatea hobe, esan gabe doa; haien laguntza premia sortuko balitzateke, baina, ahalik eta baliabide egokienak izan ditzatela, euren lana era eraginkorrenean egin ahal izateko –baita eurentzako modu seguruenean ere–, eta dena delako gertaera edo ezbeharraren ondorioak ahal bezain txikiak izan daitezen.

Zentzu honetan, Zubillagako parkera iritsi dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Modernizazio eta Zerbitzu zuzendaritzak herrialdeko suhiltzaileen esku jarri dituen baliabide berrietako batzuk. Autoeskailera, kale estuetan sartzeko moduko ibilgailu bat, bi kamioi autotanke eta hamabi kamera termiko ekarri ditu Aldundiak, eta, horietatik, kamioi autotanke bat eta kamera termiko bat izan dira Debagoieneko parkerako. Mikel Larrañaga sarjentuak kontatu dizkigu material berriaren ezaugarrien gainekoak.

28 urteko kamioiaren ordez 

1986an Zubillagako parkea martxan jarri zenetik lanean ari zen kamioia kendu dute, berria erosita. Lehenengo ekintzetarako kamioi deritzotenak dira biak, sute eta istripu guztietara joaten direnetakoak. Hiru hamarkada ez dira alferrik pasatzen, eta kamioi berriak baditu zaharrak ez zituen hainbat ezaugarri.

Hala azaldu digu Larrañagak: "Abantailetako bat da ura botatzeko punpa. Lehengoak bi ur irteera zituen, eta presio alturik [punpa berriaren aparteko funtzio bat] ez zuen". Presio altua eta lau ur irteera ditu berriak, eta azaldu digu zer dakarren horrek: "Etxebizitzetako suteetan presio altuarekin lan egiten da azken urteetan; horrek esan nahi du ur gutxiago botatzen dugula, eta mangera mugitzerakoan pisu gutxiago darabilgula". Irteera gehiago edukitzeak, berriz, mangera gehiago konektatzeko aukera ematen du, sute batean azalera handiagora batera iristeko modua, beraz.

Baina presio altuarenari helduta, nola ur gutxiago botatzea? Ez, ez baita kontraesana: "Jendeak pentsa dezake gure helburua izaten dela ahalik eta ur gehien botatzea; ez, ez, gure helburua izaten da ahalik eta ur gutxien botatzea, batez ere, gu lanean ari garen bitartean ur horrek sortzen duen lurrunagatik. Guk botatzen dugun ur dena lurrun bihurtzen da, eta hori kaltegarria da guretzako, lurrun horrek tenperatura altua duelako; busti egiten gaitu eta erredurak izateko aukera asko edukitzen dugu. Beraz, guri komeni zaigu ahalik eta ur gutxien botatzea, geure segurtasunagatik, batetik, eta baita ahalik eta kalte gutxien eragiteko ere. Lehen bai, ura bota eta bota egiten zen, eta, orduan, suak eta botatako urak eragiten zituzten kalteak". 

Punparekin bukatzeko, Mikel Larrañagaren arabera, lehengo kamioiaren mugak muga, ondo moldatu ziren harekin, "baina kamioi eta punpa berriarekin aukerak handiagoak dira".

Kamioiaren beste berezitasun bat da elektronikoki nahasketa eragin eta, botoi batzuk sakatu soilarekin, aparra automatikoki sortzen duen gailua; ura botatzen egotetik, berehala pasa daitezke aparra botatzera: "Apar bustia edo lehorra bota ditzake. Lehorra da asmakizun berri bat, probatzen ari garena. Sua itzaltzeko baino gehiago da ez handitzeko; sua itzaltzen ari zaren inguruan botatzen da, itsatsita geratzen da, eta eragozten du su hori zabaltzea". 

Apar bustia erabiltzea aspalditik da ohikoa: "Urari eraginkortasuna eransten dio aparrak; urak eragiten du tenperatura jaistea, eta aparrak oxigenoa ere bai. Batez ere su handietan asko igartzen da. Edukiontzietan ere asko erabiltzen dugu; aparrez bete eta, oxigenoa kentzen diogunez, itzali egiten da sua. 

Lehengo kamioiarekin, ez lehorrik ez bustirik, ezin zitekeen punpan bertan aparrik sortu, eta aparra erabiltzeko eskuz manipulatu behar izaten zen. Mangera tartean aparra sortzen duen gaia sartu eta punta ere aldatu egin behar izaten zitzaion. Gainera, kamioi zaharrak bi ur irteera bakarrik zituenez, aparretarako bat erabilita, bakarra geratzen zen urarentzat. Berriak, ostera, aparteko bi irteera ditu aparretarako, eta eraginik ez du, beraz, uraren erabileran.

Eta soilik gidatzeari dagokionez ere ekarri du aldaketarik kamioi berriak Zubillagako suhiltzaileentzat. Motor indartsuagoa du eta martxa aldagailu automatikoa, horiek dakartenarekin, segurtasun eta gidatzeko erosotasun aldetik: "Badakit lehen bazela ardura puntu bat, aldagailu automatikoak zekarrelako une batez indarra galtzea kamioiak, baina hauek oso aurreratuak dira eta horrelako galerarik ez dute". Aldaketarekin gustura daudela dio Larrañagak. 

Bestela, askotariko beharrizanetarako guztiz hornituta dago kamioia: 2.500 litroko ur depositua du; lau aire ekipo autonomo, kea dagoen lekuetan lan egiteko; auto istripuetan batez ere, harrapatuta geratzen diren pertsonak ateratzeko ekipo hidraulikoa; 200 litro espumogeno; erreskateetarako soka, arnes eta bestelakoak; kanpoko ur-iturri batetik ura punpatzeko moto-punpa; sua itzali osteko kea desegiteko haizagailua; argindar sorgailua;... 

Kamioi berria lanerako prest dago, beraz; zaharrak, dena den, han jarraituko du oraindik, ordezko moduan erabiltzeko prest, "besteren batek kolperen bat edo izan eta konpontzen den bitartean erabiltzeko": "Oso emaitza ona eman du kamioi horrek eta, adibidez ke gehiago botatzen duen arren eta mantenu behar handiagoa edukita ere, ondo funtzionatzen du oraindik", diosku Mikel Larrañagak.

Irudia, tenperaturaren arabera 

Aldundiak Gipuzkoako suhiltzaileen esku jarri dituen baliabide berrien artean daude baita ere, esan bezala, kamera termikoak, parke bakoitzeko bat: "Tenperaturaren araberako irudia ematen dute. Gauza, pertsona, objektua izan, tenperatura desberdina du zer horrek; beraz, ilunpetan edo ke artean sartzen bagara, aurrean ditugunen tenperaturaren araberako irudia ematen digu. Zuri-beltzean izango litzateke, baina ikusteko gai izango ginateke han mahai bat, aulki bat, pertsona bat edo zer dagoen, kamera gabe ikusi ezingo genukeena". 

Lehendik bazuten beste kamera bat: "Ekarri zenean aurrerapen handia izan zen guretzat. Berria txikiagoa da, eta teknologikoki aurrerapena ekarri du: argazkiak ateratzen ditu, punturik beroena eta hotzena adierazten ditu irudian, eta erabilgarriagoa ere bada tamainagatik. Egin kontu gu sute batera sartzen garela kaskoarekin, txamarretarekin, arnas ekipoarekin, mangerari tiraka...". 

Puntu beroena adieraztearena baliagarri izan daiteke, bestalde, suaren fokua non dagoen jakiteko, adibidez. Argazkia ateratzeak duen abantaila da, berriz, gertaera lekutik apur bat aldendu eta azter daitekeela, argazki bidez, egoera zein den, eta jarduteko modu egokiena hautatu.

24 suhiltzaile Zubillagan 

Eta material hau erabiltzeko –eta gainerakoa– 24 suhiltzaile daude Oñatiko parkean, lau laguneko sei taldetan banatuta. Berriki eman ditu Diputazioak Gipuzkoako Suhiltzaileen 2013ko esku-hartzeen datuak, tartean Zubillagakoenak, nola ez; 271 esku-hartze egin zituzten iaz: suteak izan ziren 111 eta salbamendukoak 151, besteren artean; gainerako parkeetako datuekin alderatuta badago aldea alarma faltsu kopuruan, sei besterik ez zituzten eta izan 2013an. 

Denborei dagokienez, abiatzetik gertaeraren lekura iristeko 12,3 minutu behar izan zituzten Zubillagako suhiltzaileek batez beste. Abisua jasotzetik, berriz, 15 minututik behera izan ziren kasu gehienetan. Eta esku-hartzeen batez besteko iraupena 74,3 minutukoa izan zen.

Amaitzeko, suhiltzaileek eurek jendeari eman nahi dioten mezua; beharra sortzen denean beldurrik gabe eskatzeko laguntza. Eta, zenbait lekutan esku-hartze motaren arabera kobratu egiten dutela eta, ñabardura: "Guk ez diogu herritarrari ezer kobratzen".

----------

'Satorra', Zubillagako asmakizuna

Baliabide berriak erositakoak edo kanpotik heldutakoak izaten dira sarri, baina Zubillagako suhiltzaileek esan dezakete asmakizun erabilgarri bat egina badutela, beste hainbat parketara esportatu dutena gero: satorra. Larrañagak azaldu digu tximinia bateko sua itzali osteko hausnarketatik sortu zela pieza. Sua itzali bai baina sukaldeak urez lepo uzten zituztela eta, hari soluzioren bat jarri behar ziotela pentsatu zuten. Mangerari eransteko metalezko pieza sortu zuten, zulo txiki-txikiekin: "Urari ahalik eta presio handiena ematen diogu, eta lurrun eran ateratzen da zuloetatik. Goitik behera sartzen dugu tximinian; tximinia hozten joaten da, eta sua sortu den lekura iristean itzali egiten du. Behera ez da basokada ur ere iristen. Gure helburua da sua itzaltzea, ahalik eta kalte txikiena eraginez".

----------

Asiako liztorrari aurre egitera sarri

Suak itzaltzeaz gain, askoz lan gehiago –askotarikoak– egiten dituzte suhiltzaileek. Adibidez, Gipuzkoako Suhiltzaileek iaz egindako esku-hartzeetatik –1.882–, Asiako liztorraren habiak kentzeko egindakoak izan ziren kopuruz gehienak. Gisa horretako 258 irteera egin zituzten, eta eraikinetako suteak itzaltzeko, esaterako, 245.

Suhiltzaileek egokitu egin behar izan dituzte euren baliabideak Asiatik iritsitako mehatxu berriaren aurrean. Erlezainen ohiko jantzia erabiltzen dute erlauntzak –erleenak– kentzeko, baina ohartu ziren hark ez duela balio Asiako liztorrarentzat: "Istripu batzuk izan genituen, ziztada batzuk, jantziaren gainetik, handiagoak direlako eta eztena ere handiagoa dutelako". 

Jantzi sendoagoak egin zituzten orduan –argazkian ageri ez den beste bat–, baina deserosoa izateagatik eta aurpegirako babesa lurrundu egiten zitzaiela-eta, beste bat sortzeko enkargua egin zioten hornitzaile bati. Beraz, Asiako liztorraren habiak kentzeko eurendako propio egindako jantziak dituzte suhiltzaileek.

Berriaren abantaila ei da erabiltzeko erosoagoa izatea, eta ez dela lurruntzen, aireztapen sistema duelako.

Suhiltzaileekin elkarlanean egindako jantzia "oso arrakastatsua" izaten ari dela dio Mikel Larrañagak; "Espainia osotik" eskatzen dutela.

Orain, dena den, protokoloan aldaketa izan da, eta udalen esku utzi du Aldundiak liztorraren gaia; behar bereziak daudenean soilik joango dira suhiltzaileak habiak kentzera.

----------

Mikel Larrañaga (sarjentua): "Baliabide aldetik nahikoa puntakoa izan da beti gure zerbitzua"

Baliabide materialez gain, pertsonalez ere mintzo da.

Nola ikusten duzu Zubillagako parkea baliabide aldetik? Ondo hornituta dago? Oso ondo dagoela uste dut; guk ditugun interbentzioetarako nahikoa baliabide dugu.

Beti izan da horrela? Bai. Zubillagako suhiltzaile zerbitzuak 28 urte ditu, berria da. Beraz, baliabide teknologiko aldetik, bai ibilgailu edo bai material aldetik, nahikoa puntakoa izan da beti zerbitzua.

Eta baliabide pertsonal aldetik? Bere garaian jende gehiago behar zela eskatu genuen. Inon ez da ikusten sute batera lau suhiltzaile joaten direnik. Diputazioak esan zigun ezin zela suhiltzaile kopurua handitu. Baina proposatu zigun sute bat zegoenean bi parketatik joatea suhiltzaileak. Onartu genuen; 10 minutuko tartean zortzi suhiltzaile batzen gara.

Irtenbide ona izan da? Bai. Irteeren %70ean beharrik ez da egoten agian, baina komeni izan denean oso ondo funtzionatu du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak