'Autokarabana' lana aztertu zuten Antixenako irakurle taldekoek, Fermin Etxegoienekin

Ander Larrañaga 2014ko mar. 3a, 08:37

Lehen aldia da irakurle talde honek liburuaren egilea solasaldira gonbidatzen duena.

Hilero bezala, Oñatiko gaztetxeko irakurle taldeko kideek liburu bat irakurri behar izan dute, eta barikuan egin zuten bileran aztertu zuten gero; oraingoan Autokarabana eleberriaren txanda izan da.

Bilera hauek euskal literatura sustatzeko eta hausnarketarako bidea emateko egiten dituzte batik bat. Normalean, irakurritako liburuaren gaineko hausnarketa euren artean elkarbanatzen dute, baina, oraingoan, pausu bat aurrera eman dute: eleberriaren egilea, Fermin Etxegoien, gonbidatu zuten.

Bilbon bizi den artikulugile, idazle, kazetari eta irrati esatari oñatiarra da Etxegoien. Esaterako, Berria, Argia, Euskadi Gaztea eta Bilbo Hiria Irratia hedabideentzat lan egin du, eta, honez gain, ETB1eko Kalaka saioko gidoilaria ere izan da. Aipatzekoa da baita ere, Autokarabana nobela 2009. urtean argitaratu zela eta 2010ean Euskadi Saria eta Kritika Saria jaso zituela.

Oñati al da?

Autokarabana kokatzen den lekuak Oñatiren itxura handia duela diote, izenik ez badu ere; herriko txokoak eta pertsonaia batzuk Oñatikoak direla diruditela azaldu du liburua irakurri duen jendeak. "Ez nion izenik jarri herriari, asmatuak izan zitezkeen tokiak eta pertsonak ezingo nituelako jarri", azaldu digu Etxegoienek.

Gainera, Antixena gaztetxeko irakurle taldeko kide Itziar Murgiondok eta Malen Ugartek adierazi zuten idazle oñatiarraren eleberrian bizitzaren deskribapena egiten dela, egunerokotasunaren kontrasteak hartuta.

Hizkuntza formatua

Azpimarratzekoa da, eleberriaren alderdi kuriosoenetako bat dela hizkuntzaren erregistroa.

Oso hizkuntza eredu edo formatu berezia erabiltzen da; batetik, esaldi samurretaz baliatzen da; gainera, Oñatiko fonetika ere txertatzen du noizbait; eta azkenik, elkarrizketen itxura ez da ohiko liburuetan ikusten dena. Izan ere, Etxegoienek irakurle taldekoei azaldu zienez, jende askori honegatik bereziki gustatu zaio lana, irakurtzen den heinean islatzen duen jatortasunagatik eta sumatzen zaion freskotasunagatik.

Euskalduntasuna

Izaera euskaldunaren gaia ere lantzen duela idazleak aipatu zuen irakurle taldeak, bigarren plano batean bada ere.

Hala erantzun zuen Etxegoienek gai hau planteatu ziotenean irakurle taldekoek: "Erabat lotzen zaio gure belaunaldi esperientziari. Geurea izan delako oso belaunaldi erdalduna, seguruenik, historian zehar Oñatin izan den belaunaldirik erdaldunena. Alde horretatik, protagonistak aitortzen du bere buruarekiko, nobelak dioen moduan, "euskaldun ez osotua" dela.

Bestetik, lehen pertsonan idatzita dagoenez, narratzailearen tonua berarekin bat dator; beraz, euskara kanoniko bat erabiltzen da. Ez da batzuek zuzentasunarekin lotuko luketen hizkuntza erabiltzen, eta alde horretatik izan daiteke eredu bat jende guztiari ez gustatzeko modukoa".

Hurrengoa: 'Alkasoroko benta'

Martxoan Mikel Tabernaren Alkasoroko benta liburua erakurriko dute eta martxoaren 28an egingo dute solasaldia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak