Eta hori kanpoaldean pistak badituenik, bigarren argazkian ikusten den bezala. Ba errota da bai, eta ibili dabil: urak jarraitzen du mugitzen bertako gurpila; urak, eta joan zirenekiko leialtasunak.
Enrike Biain eta Lourdes Ugarte senar emazteek daramate errotaren martxa azkeneko urteetan. Lourdes da, jatorriz, etxekoa, eta haren amak eskatu zien, "mesedez", jarrai zezatela errotarekin bera ez zenean ere. Eta, gaur egun, inguruko bakarra izango da, gutxi baina, –garaian behintzat– erregulartasunez eta zereal ekoizleekiko zerbitzu bokazioz, lanean diharduena.
Enrikek diosku errotak, kopuruz, gutxitu diren moduan gutxitu dela bertan egiten den lana ere. Lehen bazela "auzo bakoitzean bat", eta orain, bakarra izanda ere, ez dela beharrak asetzeko gehiagoren premiarik. Egiari zor, bakarrak ere harritu dezake bat baino gehiago, ogibide hau desagertua zela usteko baitzuen hainbatek –idazten duen honek, tartean–.
Lehen, argindarrarekin ere bai
"Gustua hartu genion eta segi egiten dugu. Hemen ez dago dirurik, baina, beno, beste batzuei lagundu eta... Geuretzako ere, laguntasuntxo bat"; Enrike Biainek, baina, mugimendua –eta, ondorioz, etekina– handiagoa zeneko garaiak aipatzen ditu, uraren indarra nahikoa ez eta argindarrarekin ere jarduten zutenekoak –oraingo bakarra beharrean bi errota-ardatz mugitzeko–: "Lehen egunero-egunero egiten zuen lan errotak; gaur egun, astean egun batean ere ez". Urak mugitutakotik ateratzen zen emaitza bestea baino hobea zela ere badio: "Urak freskatu egiten du, eta harriak hobeto lan egiten duela esaten dute".
Halaxe dio urteetako esperientziaz pilatutako jakintzaren ahotsak, eta berresten du, besteak beste, ezagupen eta jarduteko modu horiek jaso eta gal ez daitezen diharduen Gopegitik etorritako baserritar biko gazteak: "Enteratu ginen hemen bazela aukera garia harri bitartez txikitzeko, eta horregatik etortzen gara; badira beste era batzuk, baina horiekin berotu egiten da alea, eta propietateak galtzen ditu". "Gaur egungo bizimodua ez zitzaigun gustatzen, eta nahi genuen lehengora apur bat bueltatu", jarraitzen du Ander Arrietak, Arabatik etorritako gazte horietan batek, eta: "Jende nagusiak dakiena galdu ez dadin, berreskuratu egin nahi dugu". Bizi-pentsakera horrekin datoz Oñatira, Gorbeape hartan errotak izan badiren arren, martxan dagoenik ez omen dagoelako dagoeneko. "Lehen arrunta zena, gaur arraroa da", dio gazteak.
Lehen, garagarra, oloa...
Eta arraroa da, baita ere, gaur egun, artoa edo garia ez den beste ezer eramatea inork errotara ehotzera; lehen bai: "Garagarra, oloa, baba txikia ganaduarentzako... Baina orain nola ez dagoen ganadurik... Orain, horiexek, ekologikoak, gari apur batekin, artoa, eta besterik ez", dio Olabarrietako Errotako Enrikek.
Gaur egun, oro har, irina ere, erosi egiten da: "Hona ekartzeko kargatu egin behar duzu, ekarri, berriz ere kargatu... Gero eralki egin behar duzu irina; bestela eralkita dute, askoz errazagoa da". Gopegiko gazteok bezala, Arrasatetik, Itsasotik edo Azkoititik etorri izan zaizkie bezeroak errotara azken urteetan: "Azkoitiko bat etortzen da hilean behin, eta ehotzen ditu 200 kilo gari, ogi integrala egiteko. Hura dugu bezero onena, urte osoan etortzen da". Eta ur gutxi dagoenean? "Orduan ibiltzen gara gaizki; aurreikuspenez jokatzen saiatzen gara, eta 200 ez badira 100 eramaten ditu, eta berriz etortzen da bueltan. Baina hori bi hilabetetan izaten da asko jota, abuztuan eta irailean"; hala dio Oñatiko azken errotari familiako kideak. Ba ez bedi gurpila gera!
----------
Lourdes Ugarte (Olabarrietako errotakoa): "Gure sukaldeko atea ez zen inoiz ixten; etxean moduan ibiltzen zen jendea"
Lourdes Ugartek betidanik ezagutu du errota etxean. Lan gehiegi ez dute izaten egun: "Auzokoak hamar ere ez dakit etorriko diren urtean", dio. "Artoa ere ez da ereiten ia".
Txikitatik laguntzen zenuten? Bai, beti. Batzutan lagundu egin behar izaten zen alea botatzen, poliki zetorrelako edo bizkorregi.
Ama-eta ez zirenean, zuek jarraitu zenuten. Ama hil zenean, oraindik anaia eta ahizpa ondo nituen. Ahizpa eta biok ibiltzen ginen, eta ordurako nire gizona ere hasita zegoen, apur bat, errotan. Anaia arduratu zen, ostera, berritzeaz. Duela 26 bat urte hasi genituen obrak, eta lan handiak egin genituen: ubidea estali, etxerako sarrera aldatu...
Amak agindu zizuen jarraitzeko. Bai. Gure anaia gainera ezkongabea zen, eta oso langilea. Amak esaten zion: "Errota behintzat ez itxi; bestela, jendeak ezingo du arto-irinik egin". Orduan, anaiak, konponketa egin zion. Eta horrela jarraitu dugu.
Eta merezi izan du. Bai; batez ere, ematen digun satisfazioagatik. Amak esan zigulako, betiko gauza delako... Errotan asko hitz egiten da jendearekin, harremanak sortzen dira, eta merezi du.
Ikusten da ohituta zaudetela; neu ere primeran hartu nauzue. Bai. Gure sukaldean ez zen inoiz atea itxita egoten. Menditarrak ere etortzen ziren zorroarekin; oinetakoak aldatu eta kalera joaten ziren askotan. Bueltan, zorroa ehota, etxera eramaten zuten. Etxean moduan ibiltzen ziren.
----------
Gopegitik Oñatira, garia ehotzera
Ander Arrieta –argazkian, eskuinekoa– eta laguna aldiro-aldiro etortzen dira Olabarrietako Errotara, etxerako ogia egiteko garia ehotzera. Gopegin (Araba) bizi dira, eta ortua eta soroa dituzte. Beste bizimodu baten bila joanda, ortuak emandakoekin otarrak egin eta banatzen dituzte inguruan. Oraingoan eramandako 70 kilo garirekin, lau hilabetean ogia egiteko irina izango ei dute.