Aurrerantzean Txatxilipurdik kudeatuko ditu Txaloka ludoteka, udaleku irekiak eta Bertakotze programa, ardura hori zuen enpresaren kontratua bukatuta.
"Ludotekak azken urteetan eman duenaren gaineko balorazioa egin da. Uste dugu herritarragoa izan behar duela. Hala, deritzogu ez dela eraikinera mugatu behar bere jarduna eta herrira gehiago zabaldu behar dela. Aldi berean, herriak ere ludotekan partehartze handiagoa izan behar duela uste dugu", adierazi du Nerea Zubia, hezkuntza zinegotziak. Gaineratu du buruan zuten ideia oso ondo jaso duela berez Arrasatekoa den eta horrelako zerbitzuetan 20 urteko ibilbidea duen Txatxilipurdik aurkeztutako proiektuak.
Partehartzea oinarri
Aurrerantzean, bi hezitzaile egongo dira Ludotekan eta beste bi Bertakotze programan. Hezitzaile guztiak oñatiarrak izango dira. Txatxilipurdiko Ainara Kortabarriaren esanetan, hezitzaile hauek ez dira ume eta gaztetxoen gidariak izango, bidelagunak baizik. "Ez da orain arte eskaini dena izango. Hau da, hezitzaileek programaketa zehatz bat erabaki eta hori egitea. Hori apurtu eta asanbladen bitartez, haurrei hitza emango zaie. Hau ludoteka, Bertakotze programa eta udaleku irekietan landuko da", zehaztu du Kortabarriak. Gurasoak ere ludotekaren parte egin nahi dituzte, euren inplikazioa bilatuz eta hala eskatzen badute, gurasoei aholkuak emanez.
Prezioa%70 jaitsiko da
Ludoteka zerbitzuaren beste aldaketa bat ordaindu beharreko kuota da, %70 jaitsi da-eta. "Konturatu ginen ludotekaren prezioa gehiegizkoa zela, eta azkenean, askotan muga ere bazen bertara hurbiltzeko", dio Zubiak. Hala, aurrerantzean 60 euro ordaindu beharko da matrikulazioa; bigarren umearengatik 50 eta hirugarrenarengatik 40.
Otsailaren 1etik aurrera egongo da zabalik berriz ere ludoteka. Aurretik baina, urtarrilaren 20tik 30era, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte. Bertan parte hartzeko deia egin diete familia. Hilaren 31n, aurkezpen jaia egingo dute Foruen plazan.