Herria, genero ikuspegitik aztertzen hasiko dira gaur emakumeak

Irati Goitia 2013ko abe. 17a, 09:38

Herriko emakume ugari aritu ziren iaz Berdintasun Plana lantzen eta bertan jaso zen herriko hirigintza arloa genero ikuspuntutik aztertzeko beharra zegoela. Horixe da orain egin behar dutena: herria emakumeen ikuspegitik eta sentimenduetatik aztertu. Farapi aholkularitza enpresa kontratatu du Udalak azterketa koordinatzeko.

"Proiektu honen helburuetako bat da Oñati emakumeen ikuspuntutik nola dagoen eraikita aztertzea. Ikerketa hori emakumeekin eurekin egingo dugu", dio Jone Karrera Farapiko langileak eta proiektuko koordinatzaileak. Hain zuzen, gaur hasiko dira hainbat emakume talderekin bilerak egiten. "Gure asmoa da ahalik eta emakume gehiengana iristea. Udaletik kontaktuan jarri gara hainbatekin, perfil ezberdinetako emakumeekin egongo garela bermatzeko". Hala, Karrerak zehaztu digu batxilergoko neskekin, unibertsitatean dabiltzanekin, erretiratuta daudenekin, atzerritarrekin, elbarrituekin, alargunekin... batuko dela. "Bilera informalak izango dira. Euren lehen sentipenak batu nahi ditugu". Bestalde, urtarrilean bilera tailer irekiak egingo dituzte. Hala ere, emakumeren batek informazioa jaso edo zerbait helarazi nahi badu Gizarte Zerbitzuetarako jo dezakeela esan digu. "Parte-hartzea guretzat oinarrizkoa da, beraz, emakume guztiak animatu nahi ditugu", dio koordinatzaileak. Hain zuzen, horren arabera moldatuko dituzte datak, baina proiektua ekainerako bukatuta egotea espero dute.

"Hirigintzak generoa du"

"Historikoki hirigintza sailetan gizonezkoak egon izan dira nagusiki eta euren ikuspegitik landu izan dituzte hainbat aspektu. Ondorioz, oso baztertzailea izan da hirigintza hainbat aspektutan. Beharrezkoa da zakarrontzi edo erakin bat diseinatzeko urrats guztietan presente egotea genero ikuspegia", dio Karrerak. Gaineratu digu emakumeek eta gizonezkoek ez dutela herriaren erabilera bera egiten. "Irisgarritasuna da adibide bat. Emakumeok sarriago ibili ohi gara erosketa karroaz edo ume-kotxeaz, beraz, ezberdina da eskailerak edo malda bat jartzea arkitektoak. Bestalde, emakumeek ziurtasun-gabezia sufritzea ere ohikoagoa da eta eragozpen handiak dira, esaterako: toki ilunak, amaiera ikusterik ez duzun kaleak...". Eragozpen horiek antzematea baino gehiago egingo dute, baina, azterketa honetan, "emakumeen errepresentazio sinbolikoa, adibidez, kale izendegiarena ere landuko da. Zeharkako aspektu guztiak izango dira kontuan: mugikortasuna, segurtasuna, irisgarritasuna...".

Udaleko erabakietan eragina

Behin, emakumeekin izan ostean eta informazio guztia jasotakoan, hobetu beharreko puntuak zehaztuko dituzte. "Nahi duguna da lanketa honetatik ateratzen diren ondorioek aplikazioa izatea etorkizunean Udaletik egingo diren hirigintza proiektuetan. Horretaz gain, herritarrak genero ikuspegiak duen garrantziaz jabetzea ere nahi dugu", esan digu Berdintasuneko batzordeburu Maialen Urzelaik. Hala, zehaztu digu lehen fasea emakumeekin egingo dela, baina aurrerago udaletxeko arkitekto eta aparejadoreak azterketan jasotakoa lehen eskutik entzutea aurreikusten dutela.

Urtez urte, parekidetasuna bermatzeko ahaleginean

Oñatiko Udal Gobernuarentzat lehentasunezko gaia da emakume eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzea. Hala, agintaldi hasieran eratu zuen Berdintasun batzordea eta iaz Berdintasun Plana egin zuen herriko hainbat emakumerekin batera. "Behin batzordea eratuta, informazio falta nabaritu genuen eta diagnostiko bat egin beharra, arlo honen lan ildo nagusiak zehazteko. Beraz, iaz egin genuen plan horrek urtero egin beharrekoa jasotzen du. Hirigintza arloa aztertzea zen 2013rako aurreikusita zegoena", azaldu digu Maialen Urzelai Berdintasuneko batzordeburuak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak