642 ikaslek parte hartu dute Zero Zabor tailerretan

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko eka. 29a, 11:32

Lehen Hezkuntzako ikasleak izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ikastolen Federazioak, Kristau Eskola elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak ikastetxeetan antolatutako Zero Zabor programan parte hartu dutenak, tartean, Oñatiko Elkar Hezi ikastetxea.

Lehen ikasturte honetan hiru tailer mota eskaini dira. Batetik, Zero Zabor Hamaiketakoan, haurrek sortzen duten hondakin motak eta kopurua aztertu eta hondakin horiek gure ingurumenean duten eraginaz gogoeta egin dute. Bestetik, Konpost Tailerrean, materia organikoa zer den eta nola konpostatzen den ikasteaz gain, ikastetxean konpostagailua jarri dute haurrek. Azkenik, Txekeo Tailerrean ordura arte ikasitakoaren eta egindakoaren balorazioa egin dute. Hiru tailer hauek Kristau Eskolaren lau ikastetxetan, tartean Oñatiko Elkar Hezin, eta Ikastolen Federazioaren hirutan egin dira aurten, Aranzadiko teknikarien gidaritzapean. Helburua garbia izan da: kontzientziazioa areagotzea, eta haurrek eta gazteek ohitura egokiak hartzea hondakinen alorrean, prebentzioaren eta birziklapenaren ildotik.

"Tailerrek harrera ona izan dute"

Programaren balorazioa egiteko atzo, barikua, eskainitako prentsaurrean, Ainhoa Iraola Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak arrakastatsutzat jo zuen esperientzia: “Tailerrek oso harrera ona izan dute hezkuntza komunitatean, bai ikasleen artean, bai irakasleen artean, baita gurasoen artean ere; interesa sortu dute”. Iraolak esan zuenez, Foru Aldundia harremanetan da sare publikoarekin Zero Zabor programa ikastetxe hauetara ere eramateko.

Datorren urtean 15-20 eskolatan

Programaren diseinua eta dinamizazioa Aranzadi Zientzia Elkartearen ardura da, eta haren izenean, Juantxo Agirre Mauleon idazkari nagusiak ere oso balorazio ona egin zuen: “Datorren urtean 15 edo 20 eskoletara iritsi nahi dugu; hau da, 1.500 edo 1.700 ikaslerengana. Ez hori bakarrik: 2013-1014 ikasturtean DBHrako sekuentzia didaktikoa abian jarriko dugu, esperientzia pilotu moduan, Oñatiko Elkar Hezi kristau eskolan eta Ibarrako Uzturpe ikastolan”.

Elkar Hezikoentzat, "eredugarria" izan da

Oñatiko Elkar Heziko zuzendari Juankar Olaeta ere izan zen prentsaurrekoan eta adierazi duenez, “ekimen hau eredugarria da; lankidetza duelako oinarri, batzen gaituenetik abiatu garelako eta materiala ere elkarrekin sortu dugulako. Beste alderdi bat ere nabarmendu nahi nuke: materialak pentsatzeko balio du, espiritu kritikoa lantzeko, edozein dogmakeriatatik kanpo”, esan zuen.

Aurrera urratsak Zero Zabor norabidean

Ainhoa Iraolak adierazi zuenez Gipuzkoako jendartea, poliki-poliki, pausoak ematen ari da Zero Zabor norabidean: “Kontzientziazioa zabaltzen ari da, praktikak eta ohiturak ere aldatzen ari gara, gero eta erakunde eta elkarte gehiago neurri zehatzak eta eraginkorrak hartzen ari dira zabor gutxiago sortzeko eta ahalik eta gehien birziklatzeko”.  Hurrengo erronka 2016an %60 birziklatzea dela gogorarazi zuen Iraolak: “Horregatik, Gipuzkoako jendarteari, eragile ekonomiko, politiko eta sozialei, komunikabideei, norbanakoei… dei egin nahi diegu berriro ere konpromisoa hartzeko, denon artean hiru urte barru sortutako hondakinen %60 birziklatzea lor dezagun”.

Zero Zabor programa hori Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ikastolen Federazioak, Kristau Eskola elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatutako hitzarmenaren ondorioa da, urtebeteko iraupena du, baina beste bi urtez luzatzeko asmoa dute lau erakundeek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak