Uztailaren 1ean hasiko da Oñatin atez ateko hondakinen bilketa

Txomin Madina Milikua 2013ko eka. 25a, 18:53

Oñatiko Udaleko Gobernu Taldetik  jakinarazi dutenez, datorren astelehenean hasiko dira hiri hondakinen, hondakin komertzialen eta industria hondakinen bilketarako atez ateko sistema erabiltzen. Egun horretatik aurrera, atez ateko hondakinen bilketa sistema aplikatuko duen Debagoieneko bigarren herria izango da Oñati, Antzuolaren atzetik. Mikel Biain alkatearen esanetan, alde edo kontra egon, herritarrak sistema berriarekin hasteko gogoz ikusten dituzte.

Datorren astelehenean, uztailaren 1ean, jarriko da martxan Oñatin atez ateko hondakinen bilketa sistema. Udal Gobernu Taldetik igorritako oharrean azaltzen dutenez, "parte-hartze prozesuetan adostutako ordutegi, maiztasun eta bilketa moduekin" abiaraziko dute sistema berria.

Gobernu Taldetik gogoratu dutenez, atez ateko bilketa sistema ezartzeko prozesua 2012ko martxoan hasi zuten, Atez ate auzoz auzo deituriko informazio kanpainarekin. Aurtengo urtarrilean jarri zen martxan prozesuaren bigarren fasea, parte-hartze fasea, hain zuzen ere. Bertan, Udaletik emandako datuen arabera, behe-barruen %92k hartu zuen parte eta fase horretan "erabaki ziren kokalekuak, biltze moduak eta ordutegiak", besteak beste.

Apiriletik ekainera, bestalde, inplantazio fasea eroan dute aurrera, eta denera 1.500 izan dira fase honetan antolatu diren hitzaldietan parte hartu duten herritarrak.

Azken asteotan ontziak banatu ostean, astelehenean hasiko dira, beraz, oñatiarrak atez atekoarekin. Hasiera baten sistema berriarekin uda aurretik hasi gura bazuten ere,  azkenean atzeratu egin behar izan dute apur bat, Mikel Biain alkatearen esanetan, gauzka ondo lotuta utzi gura izan dituztelako.

"Hasteko gogoz"

Gaiak herrian hika-mika piztu duen arren, herritarrak sistema berriarekin hasteko gogoz ikusten dituela dio Biainek, eta egitasmoa inoiz arriskuan ikusi duten galdetuta, Biainek dio ezetz, bai Udaletik bai Zer Zabor taldetik "lanketa handia" egin dutelako.

Sistema berriak herriari ekarriko dizkion onurei buruz, bestalde, Oñatiko alkateak esan du epe laburrera "hondakinen kudeaketa egokia egitearen satisfazioa" izango dela onuretako bat, eta epe luzera onura ekonomikoak ere ekarri ahal dizkiola herriari.

Sistema berria lasai hartzeko deia egin die alkateak herrikideei, eta gaineratu du informazio bulegoak printzipioz urte amaierara arte zabalik egotea dela asmoa, eta zalantzak dituztenak bulegoetara edo udaletxera joan daitezkeela laguntza bila.

Estreinaldia, papera eta kartoiarekin

Astelehenean, papera eta kartoiarekin, estreinatuko dute oñatiarrek atez atekoa, 20:00etatik aurrera. Egunero, ordu horretatik aurrera atera ahalko dituzte egutegiaren arabera zehaztuko hondakinak:

  • Astelehenean: papera eta kartoia.
  • Martitzenean: organikoa.
  • Eguaztenean: ontzi arinak.
  • Eguenean: errefusa.
  • Egubakoitzean: organikoa.
  • Zapatuan: ontzi arinak.
  • Domekan: organikoa.

Konpresa eta pixoihalak, berriz, egunero atera ahalko dituzte.

Zintzilikarioetara atera beharko dira:

  • Organikoa: edukiontzi marroian zuzenean edo poltsa konpostagarriak erabilita.
  • Ontzi arinak: plastikozko poltsan.
  • Papera eta kartoia: esekitokira ontzi txikian edo behe-barruko edukiontzi handira.
  • Errefusa: ontzi grisean.

Hondakin horien bilketa 23:00etan hasiko da, eta herritarrek hurrengo goizean jaso beharko dituzte ontziak, ahalik eta azkarren.

Komertzio, taberna eta jatetxe eta lantegiei dagokienez, horiek ere egutegiaren arabera zehaztutako hondakinak atera beharko dituzte egun bakoitzean, baina, kasu horretan, goizean egingo da bilketa; 09:00etan, lehendabizikoen kasuan; eta 08:00etan, industriaren kasuan.

Landa guneetako bizilagunak

Landa guneetako bizilagunek auzorik auzo Udalak egokitu dituen minigune eta ekarpen guneetara eraman beharko dituzte hondakinak; kolore ezberdinetako edukiontziak egongo dira horietan. Miniguneak Zumeltzegi, Jaumendi, Zañartu, Murgia, Urrintxo, Madalena, Berezao, Larraña, Araotz, Migelena, Soraluze, Arantzazu eta Uribarrin egongo dira; eta ekarpen guneak, ETEO, Garagaltza, Olabarrieta eta San Pedron.

Larrialdi guneak

Lau ekarpen gunetatik bik, gainera, ETEOkoak eta Garagaltzakoak, larrialdi gune moduan funtzionatuko dute, herritar orok ez ohiko kasuetan erabili ahal izateko. Horietarako, baina, Udaltzaingoan eskatu eta entregatu beharko da giltza; udaltzainek, egunero eskainiko dute zerbitzua, 09:30etik 21:30era.

Gaikako sistema martxan jartzean kenduko dituzte orain arteko edukiontziak; asteburuan bertan  edukiontzi berdea edo errefusarena; eta datorren astean zehar, gainontzekoak. Hala ere, beira, olioa, pilak eta oihalak jasotzen dituztenak, mantendu egingo dituzte.

Bolumen handiko hondakinak eta kutsakorrak

Bolumen handiko hondakinak nahiz kutsakorrak direnak Urrutxuko garbigunera eraman ahal izango dituzte herritarrek: etxetresna elektrikoak, etxe partikularretako obra txikietako hondakinak, altzariak, fluoreszenteak, erradiografiak, toner kartutxoak, pilak, pintura eta disolbatzaileak… astelehenetik egubakoitzera, goiz eta arratsaldez; eta zapatuan, goizez bakarrik. Edozein kasutan, traste zaharrak edo etxeko hondakin handiak eguenetan ere atera daitezke, aurrez Mankomunitatean abisua emanda telefonoz (943 79 33 99).

Hondakin arriskutsuei dagokienean, bestalde, Mankomunitateak herriz herri eramango duen garbigune ibiltarira ere atera ahal izango dira. Hamabostero egongo da Oñatin, Foru Enparantza inguruan, egun osoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak