Astelehenaz geroztik, hilabetez, ingurumen jardunaldiak Oñatin

Julen Iriondo 2013ko ots. 19a, 17:22

Erakusketa, hitzaldiak, pelikulak, irteerak eta zuhaitz feria eta landaketa egingo dituzte. Hamazazpigarren aldiz antolatu ditu Natur Eskolak Ingurumen Jardunaldiak. Giza eboluzioa eta ingurunearen aldaketa izango dira aurtengo gaiak.

Naturarekiko ezagutza, maitasuna eta errespetua landu eta zabaltzeko helburuz, formatu desberdinetan egingo dituzte ekintzak: hitzaldietan, esaterako, garai konkretuak –pleistozenoa– eta jarduera zehatzak –ehiztari biltzaileena eta labar-artea– izango dituzte hizpide.

Otsailaren 20an, 22an, 26an eta 27an izango dira hitzaldiak, eta hizlari "gai horietan punta-puntako aditu" direnak ibiliko dira, Imanol Biain, Natur Eskolakoaren esanetan. "Unibertsitateko irakasleak dira denak, guztiak doktoreak, eta aztarnategietan ardurak dituztenak, ikerketan eta indusketetan". Alvaro Arrizabalaga arkeologo oñatiarra da horietako bat. 19:00etan izango dira hitzaldiak, kultura etxean.

Han bertan, Ingurumen Jardunaldietako gaiekin lotutako film emanaldiak ere izango dira, otsaileko azken bi eguenetan, eta baita martxoaren 1ean –egubakoitza– ere. Atapuercari eta dituen labar-margo ikusgarriengatik gizateriaren ondare preziatuenetakoa den Chauvet-ko (Frantzia) kobazuloari buruzkoak dira emango dituzten pelikulak. Egubakoitzeko emanaldia 19:30ean izango da –besteak 20:00etan–, eta hiru dimentsiotan gainera.
Atapuerca aipatuta, bertara izango da, hain justu, Natur Eskolakoek aurten antolatutako irteera. Burgosko Giza Eboluzioaren Museoa ere bisitatuko dute, eta baita Puente Viesgoko (Cantabria) Monte del Castilloko kobazuloak ere, bertako labar-artea ikusteko. Asteburuko –martxoak 9 eta 10– irteera honetarako izena hilaren 1a baino lehen eman behar da –Natur Eskolan–, eta lekua mugatua da. 40 lagunendako dago, eta izena emandakoak 22 baziren eguaztenean.

Bestalde, Zuhaitz Feria ere izango da aurtengo jardunaldietan –martxoaren 2an– eta bi landaketa, hilaren 3an herrian eta 17an Durun.

Erakusketari dagokionez, astelehen honetatik martxoaren 10era egongo da kultura etxean –egunero, 18:00etatik 20:00etara–, Gure inguruko arkeologia, paleontologia eta labar-artea izenburupean. Aranzadi Zientzia Elkarteak ekarritakoak eta Mauricio Anton puntako marrazkilariaren lanak egongo dira ikusgai. "Historiaurreko argazkirik ezean, marrazki argigarriak", Imanol Biainen esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak