Oñatiko atez atekoaren kontrako plataforma desegin egin da jasan dituen "errepresaliak" direla-eta

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urt. 17a, 14:03

Oñatiko atez atekoaren kontrako plataformak erabaki du bertan behera uztea bere jarduna, sortu zutenetik bizi izan dituzten "errepresaliak" direla-eta. "Batzuen aldetik ez eredugarriak ez demokratikoak diren jarrerak jasan behar izan ditugu, hainbat pintada, pankarta eta esaldi mingarri" diote hedabideetara igorritako komunikatu batean.

Era berean, diote, bizirik iraun duten "denbora horretan zehar egin dugun lana, (inolako interes ekonomiko edo politikorik gabe) gure bihotzari eta kontzientziari kasu eginez" izan dela. Eta amaitzen dute Oñatiko Udalari herri galdeketa egin dezala eskatuz: "zergatik ez du Udalak herri galdeketa egiten? Zergatik ez dio kasurik egiten era askotara bere ezadostasuna jakinarazi dion herritar multzoari?".

Plataformako kideek ez dute nahi izan adierazpenik egin eta hedabideetara igorritako komunikatua baliatu dute haien jarduna bertan behera uzten dutela adierazteko.

Oñatiko Udal gobernuak, bestalde, gaur goizeko 11:00etarako deitu du prentsaurrekoa, gai honen inguruan iritzia emateko. Horren berri emango dizuegu jaso bezain laster.

"Oñatiar guztioi"

Hauxe da Oñatiko PaP Ez Plataformaren komunikatua, oso-osorik:

"Ia-ia urtebete dela elkartu zen oñatiar talde bat, ikusi baitzuten, udal gobernuak Oñatin ezarri nahi zuen hondakinen Atez Ateko bilketa sistemak, hainbat hutsune zituela (dituela) eta sentsazionalismo gehiegi ere bai.

Bata ez da hain negargarria, ez bestea hain ona ere.

Badakigu, hiritarrek kontzientzia hartu beharra dutela hondakinak sortzea murrizteko, zaborrak ateratzeko ezarritako egunak eta orduak errespetatzeko eta materialen erreziklaia eta berrerabilpena gehitzeko.
Guk uste dugu 5. edukiontzia litzatekeela sistema egokia funtzionamendu onari eta erreziklaia handiagoari begira.
Denbora horretan zehar egin dugun lana, (inolako interes ekonomiko edo politikorik gabe) gure bihotzari eta kontzientziari kasu eginez izan da.

Inguruko herrietan ari diren era bereko beste plataforma batzuekin batera hainbat bilkura egin dugu, hitzaldi informatiboa, sinadura bilketa, eta ematen ari ginen urratsen berri komunikabideetan eman ere bai.
Denbora horretan zehar jaso dugun sostengua handia izan bada ere, garbi ikusi dugu hainbat herritarrek gehiago inplikatzeari mesfidantzaz begiratzen ziotela errepresalien beldur: "nirekin ez bazaude nire kontra baitzaude". Eta geuregan bizi izan ditugun errepresaliak dira horiek, batzuen aldetik ez eredugarriak ez demokratikoak diren jarrerak jasan behar izan ditugularik, hainbat pintada, pankarta eta esaldi mingarri.

Irainduak sentitzen gara, gure jarrera zaharkitua dela esatean, ez-progresista, eta errauskailuarekin zein minbiziarekin parekatzen gaituztenean.

Hauxe galdetzen diogu geure buruari: zer egingo ote dute zaborrarekin Atez Atekoa ezartzen ez duten herrietan, besteak beste Donostian, probintziako hondakinen zati nagusietako bat berak sortzen baitu? Santa Klaran bilduko ote dute? Ala Donostian hain .......ezberdinak dira eta ez dute sortzen zaborrik?

Minbiziari dagokionez berriz, oso mingarria zaigu hain arinki erabiltzea, horrenbeste familietan eta gure inguru hurbilean horrek eragin duen sufrimendu ikaragarria kontuan izanda.

Beste hainbat faktore dira hain egunekoa den gaitz horrekin zerikusia dutenak (tabakoa, ohitura txarrak, estresa, ibilgailuek eragindako kontaminazioa, isurketa ezegokiak...) eta azken urtetan heriotz ugari ekarri dituztenak: zergatik ez da oraindik ezer egin horren kontra?

Izan gaitezen serioak!!!

Hemen azaldutako arrazoiek eta laster ezarriko den Atez Atekoak, plataforma gisa guztiz desegitera garamatza, nahiz eta gure oraina eta etorkizunari begira, gori-gori dagoen arazo garrantzitsu honetan geure ahalegina eginda goazen.

Tarte horretan jasotako sostengu guztiak eskertzen ditugu, zuen etxeetako leihoa eta balkoietan zabor poltsak paperez edo plastikoz beteta zintzilikatzeko gonbitea eginez.

Egin dezagun! errebeldia gisa, derrigortuta ezarri nahi diguten sistemaren alternatiba diren moduak badirela uste dugunok asko garela demostratzeko. Astindu ditzagun indibidualki ditugun beldurrak!

Zergatik ez du Udalak herri galdeketa egiten? Zergatik ez dio kasurik egiten era askotara bere ezadostasuna jakinarazi dion herritar multzoari?".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak