Iñaki Petxarroman lasartearrak hasiera-hasieratik eta gertutik jarraitu ahal izan ditu Gipuzkoan hiri hondakinen kudeaketarako estrategien nondik norakoak. 2002an, errauste planta egitea erabaki zenetik eta, gerora, hari aurre egiteko sortutako Zero zabor plataformen zeregina, eztabaida, atez atekoa… Hori guztia jaso du liburuan eta Oñatin aurkeztuko du hango Zero zaborrek gonbidatuta.
Liburua Txalaparta argitaletxeak eman du argitara eta hauxe irakur daiteke aurkezpen gisa: "Nork esan behar zigun, herri honetan gertatu diren guztiak gertatuta, azkenean hondakinak izango zirela herrialde honetako eztabaidagai nagusia?. EAJko bozeramaile baten hitz horiek hiritar askoren buruan ibili dira azkenaldian. Baina gaur egun Gipuzkoan hondakinen inguruan dagoen gatazkak erro sakonak ditu; izan ere, 2002an Gipuzkoan errauste plantak egiteko lerratu ziren interes politiko eta ekonomikoekin herritarrek izan duten talka dago egoeraren oinarrian. Alegia, errauste plantak eraiki behar zirela erabaki zuenak ez zuen pentsatuko hondakinak gutxitu, berrerabili, konpostatu eta birziklatzeko mugimendu bat sortuko zela Gipuzkoan, Zero zabor mugimendua.
Gatazka honen gaineko begirada pribilegiatua izan du Iñaki Petxarromanek, kazetari gisa hasiera-hasieratik jarraitu baititu errauste plantak egiteko proiektuen gaineko gorabehera guztiak, lehen eskutik jasotako informazioarekin sarri. Orain, informazio hori antolatu eta irakurlearen esku utzi du errealitatea ulertzeko gako guztiak izan ditzan".