Mikel Huizi: "Errefusatik energia lortu behar da"

Irati Goitia 2012ko eka. 21a, 16:06

Garbikerreko zuzendariak hitzaldia egin zuen atzo Oñatiko Santa Ana aretoan PaP Ez! plataformak antolatuta. Zaborra tratatzeko sistemenen gainean jardun zen Huizi, besteak beste.

"Ni ez naiz atez ateko bilketa sistemaren aurka hitz egitera etorri; baizik, tratamendu sistemen gaineko azalpenak ematera" adierazi zuen hitzaldiaren hasieran Mikel Huizi Garbikerreko zuzendariak. Hala, besteak beste, historian izandako zabortegi ezberdinen eta zaborren tratamenduaren gainean jardun zen.

Birziklatu eta berrerabili

Huizik birziklatzeak eta berrerabiltzeak duen garrantzia azpimarratu zuen: "Zabor hoberena da egiten ez dena. Behin gutxiago sortuta, hurrengo pausua berrerabiltzea da. Horretarako bilketa sistema ondo egitea ezinbestekoa da, adibidez, Garbiguneen bitartez. Hala ere, batzuetan produktu horiek berriro martxan jartzea asko kostatzen da eta hobe izaten da birziklatzea. Hori tratamendu sistemaren hurrengo pausua izango litzake eta material fisiko asko atera daiteke hortik. Baina material batzuk ezin dira birziklatu eta hor sortzen da errefusa. Hor sortzen da gakoa: zer egin errefusa horrekin?".

Energia sortu

Huhizi erraustegiaren bidez balio energetikoa sortzearen alde azaldu zen: "Europatik diote sortzen dugun zaborretik ahalik eta gehien birziklatu behar dugula, eta gainontzekoak balio energetikoa badu, hori atera behar diogula: bai elektrizitatea sortzeko eta bai berotasuna lortzeko. Kasu horretan, errefusategiek ez lukete inolako zentzurik izango. Zabor guztia tratatuko litzateke eta ziklo oso itxiko litzateke". Alemania ere jarri zuen eredu bezala: "Hondakinetatik erragaia atera eta berotasuna sortzen dute. Hala, zentral nuklearrak ixten edo Errusiatik gas gutxiago ekartzen dabiltza".

Bestalde, erraustegiak kutsakorrak direla esaten dienei honakoa erantzun zien: "Ni askotan pasatzen naiz ondotik eta nik odolean ez dut dioxinarik. Gainera, egiten diren neurketek ez dute halakorik adierazten. Datuak ikusgai daude erakunde serioen guneetan, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren webgunean eta urteroko Ingurumen Saileko memorian. Bestetik, Tecnaliak zarataren, usainaren eta bereziki airearen kalitatearen neurketak ere egiten ditu".

Bilketa sistema

Bada, nola egin hondakinen bilketa? galdetu genion Huhiziri: "Eredu asko daude eta bakoitzak erabakiko du zein den hoberena: emaitza onenak ematen dituena eta biztanleendako erosoena. Baina sistema orokor bat, ez du balio hemen bat jartzeak eta han beste batek. Prebentzio mailan lan egin behar da, biztanleak kontzientziatu". Eta gaineratu zuen: "Alderdi politikoek ez dute gaia fedetasun bezala erabili behar bata bestearen aurka. Adostasunak bilatu behar dituzte".

Eztabaidarako tartea

Garbikerreko zuzendariaren hitzaldiaren ostean, galderendako tartea izan zen eta herritarrak luze aritu ziren. Asko izan ziren galderak edo komentarioak egin zituztenak, besteak beste, hitza hartu zuten: Zero Zabor Taldekoek, Manu Egaña Bilduko zinegotziak eta Lurdes Idoiaga EAJko zinegotziak.

Sinadura bilketa

PaP Ez! plataformak Hondakin bilketa selektiboari bai! Atez Ateko bilketa ez! lelopean sinadurak batzeko ere aprobetxatu zuen ekitaldia eta kideek esan zuten horretan jarraituko dutela jendeak nahia adierazten duen bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak