Goxo hasi, burua astintzen bukatu

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Gorostidi 2022ko aza. 17a, 21:00

Aramaioko Balarrasa taldeak zuzeneko indartsua egin zuen. Argazkia: Imanol Soriano.

Oñatiko Aiert bakarlariak, Sukena eta Broken Legacy taldeek eta Aramaioko Balarrasa laukoteak, nork bere jarraitzaileen babesarekin, onena emateko jarrera erakutsi zuten.

Konturatu orduko, Danbaka lehiaketa heldu da edizio berriko ekuatorera. Bariku iluntzean hirugarren bala jaurti zuen, eta, aurreko bietan bezala, zuzeneko musikaren xarmaz bete zituen Seminarixoa eta Bergarako San Martin plaza. Azaroak berez duen hoztasuna behingoz bazetorrela zirudien arren, eguraldia lagun izan zuen oraingoan ere, eta Seminarixo kanpoaldean giro ederra sortu zen, beste behin ere. Sanprubusaren terrazako mahaiak beteta, eta chill out gunean batu ziren ikusleak musika egarria asetzeko prest.

Lehen tragoxka musikala Olatz Ugarte bergararraren eta Cristian Coello arrasatearraren eskutik etorri zen, chill out gunean. Eta ez zen nolanahikoa izan. Coello gitarra-jole fina da, talentua eta pasioa soberan dituena, eta argi utzi zuen gitarra akustikoarekin elektrikoarekin bezain ongi moldatzen dela. Eta zer esan Olatz Ugarteri buruz: ahots bikaina du, eta, soul estiloko damek egiten duten eran, goxo zein indartsu aritzeko kapazitate itzela erakutsi zuen.

Seminarixo barruko emanaldi guztiak, Goiena Telebistan eta sarean ikusgai

Sarrerei dagokienez, 200 lagun inguru joan ziren ziren barikuko hirugarren kontzertura. Bigarren kontzertuan batutako jendetza ikusita zaila zirudien zifra horietara hurbiltzea, baina kopuru txukuna izan zuen hirugarren saioak ere.

Bi abiadurako emanaldia

Musika eskaintzari dagokionez, beste behin, tutti-frutti musikal zaporetsua dastatu zuten Seminarixora joandako ikusleek. Gaueko kartela eta taldeen ordena ikusita, aurreikusi zitekeen bi abiadurako lasterketa izango zela, eta halaxe izan zen: lehen bi kontzertuak suabe antzean, abiadura mugak errespetatuz, eta azken bietan, radarretako zinemometroak lehertzeko moduko erritmoan.

Aiert Alberdi izan zen oholtzara igotzen lehena. Igarri zitzaion taula gainean seguru sentitzen dela, eta ahots erregistroak bikain dominatzen dakiela erakutsi zuen. Zortzi kantuko saio intimoa josi zuen, maileguan hartutako kanten presentzia handiarekin. Horien artean zeuden Benito Lertxundiren Loretxoa, Doctor Deseoren Corazón de tango eta Olatz Salvadorren Korapilatzen. Azken hori Salvadorrek berak parte- katu zuen sare sozialetan, "ze polita" hitzak erabilita.

Jarraian, Sukena taldeak hartu zion lekukoa. Urduri taularatu ziren, eta gitarra baten afinazioarekin ez zuten asmatu. Bigarren kantan jendea lehen ilarara hurbiltzea lortu zuten, eta zaleen berotasun horri esker segurtasun handiagoarekin jardun zuten.

Abiadura, erritmo eta formazio ezberdineko lau proposamen hirugarrenean

Geldialdiaren ostean, azeleragailua zapaltzeko ardura hartu zuten Balarrasa taldekoek. Amorruz eta distortsioz betetako kantak taularatu zituzten, Kuraia eta Anestesia taldeen bertsio bana egiteaz gain.

Eta azken kolpea Broken Legacyren eskutik etorri zen. Hardcore eta metal erritmo indartsuak zipriztindu zituzten oholtzatik, eta energia deskarga itzela egin zuten. Seminarixoan zaila da hardcore kontzertu batean dagoen musikarien eta ikusleen arteko konexio izerditsu hori lortzea, baina Oñatiko musikariek dena eman zuten atsedenik gabeko emanaldian.

Taldeak

Aiert: Emanaldi intimoa eta gozoa egin zuen Oñatiko bakarlariak.

Txikitatik oholtzarekin konexioa duela argi erakutsi zuen bakarlari oñatiarrak. Ahotsarekin nahieran jokatzeko gaitasuna du, eta bere buruarengan konfiantza ere bai. Talentua du, baina kanta propio gehiago jotzea falta izan zitzaion.

Sukena: Bi ahotsetan kantatzen, trebeak.

Oholtzaren gainean esperientzia handirik pilatu ez duen taldea da, eta urduritasun zantzuak igarri zitzaizkion; hasieran, batez ere. Bi ahotsetan abesten trebeak direla erakutsi zuten, eta azken txanpan publikoarekin berotasuna jaso zuten.

Balarrasa: Taularen gainetik zirikatzen.

Jarrera zirikatzailea da euren bereizgarria; doinu distortsionatu eta gogorren babespean, betiere. Arlo teknikoan fin aritu ziren, gitarrista eta baxu-jolea, batez ere, eta frontman-a une oro aritu zen publikoa mugiarazten eta xaxatzen.

Broken Legacy: Abiadura eta teknika.

Doinu eta jarrera agresiboz osatutako emanaldia egin zuten, euren onena emanez. Abeslariak Donostia-Behobia lasterketan baino kilometro gehiago egin zituen ordu erdian, eta gainontzeko taldekideak teknikoki trebe aritu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak