Iraganeko gauza onak itzultzea beti da pozgarria, eta, joan den barikuan, sentsazio atsegin horrek kutsatuta atera ziren agertokian aritu ziren musikariak, eta baita Bergarako Seminarixora joan ziren ikusleak ere. Danbaka Musika Lehiaketa bueltan da, azalberrituta eta lekualdatuta, baina, batez ere, uzta musikal berri eta interesgarria plazaratzeko osagai guztiak lapikoan dituela.
Bosgarren edizioan, pandemia ostekoan, etxez aldatu da Danbaka, eta Bergarako Seminarixoan hartu du aterpe. Hala, lehen sintomei erreparatuz gero, musika lehiaketak eta Bergarako aretoak erlazio aberasgarria edukiko dutela dirudi. Zergatik? Bada, antzoki barruan eta baita antzoki kanpoaldean joko handia emango duelako Danbakak. Kanpoaldeko chill out guneak ondo funtzionatu zuen lehen ekitaldian, eta hor sekulako eragina izan zuen Sanprubusak eta baita aterpean egindako emanaldi akustikoak.
Danbakaren indarguneetako bat musika aniztasuna izan ohi da, baita oraingoan ere
Fokua aretoaren barrualdean jarrita, apustua ondo irten zen. Eszenario altua, ikusleentzat toki zabala eta akustika aldetik baldintza apartak zuzeneko musikaren xarmaz gozatzeko. Teknikarien lana, azpimarratzekoa, eta ezin aipatu gabe utzi barruan edariak hartzeko aukera egoteak asko laguntzen duela bariku gau bateko kontzertu giro ganberroa sortzen. 150 ikusle inguru Seminarixoan. Kontuan hartzeko moduko kopurua, batez ere, egun berean Bergaratik oso gertu doako musika emanaldi aipagarriak zeudela jakinda.
Kolore askotako musika
Danbaka lehiaketaren indarguneetako bat aniztasun musikala izan da beti, eta edizio berriaren lehen kontzertuak argi utzi zuen ildo beretik jarraituko duela oraingoan ere. Izotza apurtzeko ardura Lemak talde bergararrak hartu zuen. Lehen kanta hasi orduko, jende asko barrura sartu gabe zegoen, eta zeuden apurrak, agertokitik oso urrun. Abeslaria fin ibili zen, eta lehen ilarara hurbiltzeko agindu zien ikusleei, eta, haien berotasuna igarri bezain pronto, euren onena eman zuten. Kantuak suabe hasi eta goi-goian bukatzen badakitela erakutsi zuten, eta etxeko ikusleen babesa lagun izan zuten.
Taulagain altua, ikusleentzat toki zabala eta akustika aldetik baldintza apartak
Kiimak taldearen emanaldia gordetzeko modukoa izan zen. Intimoa, baina mezu zuzenekin, eta abeslariaren ahots erakustaldi apartak publikoa txunditzea lortu zuen. Jarraian, The Clayton aramaioarren tsunamia heldu zen. Jarreraz lepo taularatu ziren lehen segundotik eta konfiantzaz betetako emanaldi zirikatzaile eta indarrez betea eskaini zuten. Teknikoki ondo jotakoa rock-and-rolla, baina jarrera dosi itzelarekin bustita. Eta, azkenik, Jasan aretxabaletarren saioa. Ez zuten lan erraza izan aramaioarren atzetik taularatzen, baina ez ziren kikildu. Metal eta rock doinu landuak taularatu zituzten, eta gitarrak gogor astintzen dakitela erakutsi zuten.
Kontzertua hasi aurretik, ikusle asko pasa ziren Sanprubuseko barratik, eta gainera zetorkien musika uholderako beroketa lan-txukuna izan zen Unai Cantabrana bakarlari elgetarrak Seminarixoko aterpean egindako emanaldia. Ahots sendoz, gitarraren laguntzarekin.
Taldeak
Lemak: lehenak taula gainera.
Publikoaren hoztasunari aurre egiten asmatu zuten, eta funtsezkoa izan zen euren talentua osotasunez plazaratzeko. Sekzio erritmikoan fin ibili ziren, eta abeslari eta gitarra jolea da taula gaineko taldearen iparra.
Kiimak: ikusleak liluratu.
Ikusleak liluratu zituzten abeslariaren ahots harrigarriarekin. Berezko talentua du eta Seminarixoko soinu kalitatearekin saio borobila egin zuten. Goxotasuna izan zuten ardatz, baina hitz konprometituak ere euren zigilu dira.
The Clayton: agertokia irenstera.
Agertokia irenstera irten ziren, baita lortu ere; lehen segundotik azkenera, lotsagabe eta ausart. Teknikoki oso fin, baina, batez ere, jarrera erakustaldi itogarri bati esker Danbakako tronurako hautagaitza aurkeztu zuten.
Jasan: doinu astunak.
Doinu astunez jositako saioa egin zuten, zertzelada ausartekin: rap ukituko ahotsak eta kanta herrikoiak moldatzeko gaitasuna, besteak beste. Ez zuten ordu erdiko tartea bete, eta oholtzan gehiago mugitzea falta izan zitzaien.