Hezkuntzan berdintsu. PISA eta antzeko ikerketetan gure gazteek lortzen dituzten emaitzak, munduko beste gazteen %80ak lortzen dituenak baina hobeak dira.
Eta osasun kontutan, zaila hobe egotea. Gure artean dugun 83 urtetako bizi itxaropenak goiko %5ean kokatzen baikaitu. Hori da marka!
Gu goiko %10ean egoteak ez du esan nahi beste guztiak ezinean bizi direnik. Ez da horrela. Gutxi gora behera 1.000 milioi gara oso ongi bizi garenak, 6.000 milioi justu xamar bizi direnak eta 1.000 milioi behar gorrian bizi direnak.
“Hemen baina hobeki inon gutxi”, bezain ohikoa da herri bereziki solidarioa gareneko ideia.
Zer diote datuek horren inguruan?
Munduko aberatsenetarikoak izanik, gure izaera solidarioa neurtzeko; gu baina askoz bizi zailagoa duten herriekin egiten dugun elkarlanari begiratzea, zentzuzko gauza dirudi.
Bada, Euskal Herriko erakunde publikoek (Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Akitania berria, Foru Aldundiek, Udaletxeek…) garapenerako lankidetzara bideratzen duten dirua batu eta herritar kopuruarekin zatituz gero, euskal herritar bakoitzaren izenean lankidetzara, urtean 30 euro besterik bideratzen ez dela ikusten da.
30 euro. Biztanleko eta urteko. Munduko ia %10 aberatsenetan egonik. Biztanleko 40.000 eurotako BPG izanik. Ongi ikusten al dugu gure burua ispilu horretan?
Oraintxe ari dira erakundeak datorren urterako aurrekontuak prestatzen. Helduko al diogu gure elkartasuna behar den tamainan hezur haragitzeko aukerari?