Kooperatiba, garapen jasangarriaren apustua

Erabiltzailearen aurpegia Mundukide 2018ko uzt. 9a, 12:11

Kooperatiben nazioarteko egunean, euskal mugimendu kooperatiboaren esperientzia hedatzeko konpromiso solidarioa berriztu nahi dugu, eraldaketa sozialarekin konprometitutako hegoaldeko agenteen garapen autogestionatuari laguntza emateko.

1992ko abenduaren 16an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak uztaileko lehen larunbata Kooperatiben Nazioarteko Egun izendatu zuen. Harrez gero ospatzen dugu egun hori. Munduaren errealitateari erreparatuta (gero eta desberdintasun handiagoak, migrazio-krisi larriak, klima-aldaketaren ageriko eragina…), gero eta beharrezkoagoa da ordezko beste aukera batzuen alde egitea, beste mundu bat, beste ekonomia bat eta gauzak egiteko eta harremanetarako beste modu bat  egon daitezkeela erakusteko.

KOOPERATIBEN FENOMENOA

Kooperatiba ez da bazterreko fenomeno bat. Munduan 1.200 milioi lagun baino gehiago (sei biztanletik bat) dira kooperatibaren bateko bazkideak; guztira 2,6 milioi kooperatiba daude. Kooperatibek hazkunde ekonomiko jasangarria eta kalitateko enplegu egonkorra sustatzen dituzte. Munduan 280 milioi lagunek, enplegatu guztien % 10ek, lan egiten dute kooperatibaren batean. Afrikan 85.000 kooperatiba baino gehiago daude martxan, eta 19 milioi herritarrek lan egiten dute horietan.

Baina kopuruak alde batera utzita, eredu kooperatiboak oinarrian dituen balio eta printzipio etikoek lehentasuna ematen diete pertsonen premia eta itxaropenei, irabazia maximizatzeko helburu soilaren aurretik. Kooperatibek autolaguntza eta ahalduntzea, komunitateetan berrinbertitzea eta pertsonen eta bizi garen munduaren ongizatea bilatzen dute, eta hazkunde iraunkorraren, gizarte-garapenaren eta ingurumenarekiko arduraren gaineko epe luzerako ikuspegia dute.

Kooperatibetako bazkideak enpresen jabeak eta zuzendariak dira, enpresak haien zerbitzuan daude. Hori dela eta, kooperatibek ahaldundu egiten dituzte pertsonak, haien helburu ekonomikoak taldean lortzeko. Horrez gain, gizarte eta giza kapitala sendotu eta tokiko komunitatea garatu egiten dute.

 

KOOPERATIBEK EZ DUTE INOR BAZTER UZTEN

Kooperatibekiko atxikimendu irekiak aberastasuna sortzen eta pobrezia kentzen laguntzen du, bazkideek enpresan parte-hartze zuzena baitute. Hala, bazkideek berdintasunez hartzen dute parte kooperatiben kapitalean eta demokratikoki kudeatzen dituzte. Kooperatiben ardatza pertsonak direnez, eta ez kapitala, ez dute kapital-metaketa iraunarazten edo azkartzen; aitzitik, aberastasuna modu bidezkoagoan banatzen dute.

Era berean, kokatuta dauden komunitateetan berdintasuna sustatzen dute, garapen iraunkorrarekin konprometituta baitaude, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-alderdietan. Konpromiso hori agerikoa da: komunitateko jarduerak bultzatzen dituzte, lekuko ekonomiaren mesederako inguruko produktuekin hornitzen dira eta erabakiek ingurunean duten eragina kontuan hartzen dute.

KOOPERATIBAK, GARAPEN JASANGARRIAREN ALDEKO APUSTUA

Datuen arteko konparazioak agerian jartzen du kooperatibetako bazkide diren herritar afrikarrak ez direla % 3ra heltzen, Latinoamerikan % 8 eta Kariben eta Asian % 13 diren bitartean. Albo batera utzi ditugu Estatu Batuak eta Ozeania, non herritarren % 38 kooperatibaren bateko bazkidea den, eta Europa, non herritarren % 45eraino iristen baita ehunekoa.

Arrazoi horregatik eta kooperatiba garapen jasangarria bultzatzeko tresna bezala ulertzen dugulako, Mundukidetik kooperatiben aldeko apustua egiten dugu, eredu ekonomiko eta sozial horren onurak munduko bazter guztietara iritsi daitezen. Egungo globalizazio-ereduak desberdintasunak eta gehiegikeriak sorrarazten ditu, eta horregatik jasangaitza da. Eredu horren ordez, partaidetzaren, elkartasunaren eta komunitatearekiko konpromisoaren aldeko apustua egiten dugu, hau da, mugimendu kooperatibistak ezaugarri dituen balioen aldeko apustu.

Kooperatiben nazioarteko egunean, euskal mugimendu kooperatiboaren esperientzia hedatzeko konpromiso solidarioa berriztu nahi dugu, eraldaketa sozialarekin konprometitutako hegoaldeko garapen autogestionatuari laguntza emateko.

Josu Urrutia Beristain
Mundukideko zuzendaria

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak