Erraz uztartzen dugu eraldaketa sozialerako konpromisoa gure gertuko ingurunearekin. Goitik behera hobetu nahi genituzkeen alorrak identifi katzen ditugulako (desberdintasuna, pobrezia, generoa, arrazismoa, emigrazioa, jasangarritasuna, ingurumena, injustizia…). Eta alor horietan gure ekarpena egiteko aukerak identifi katzen ditugulako, nor bere errealitatetik abiatuz. Eta hala da. Posible da hori egitea. Geure buruari galdetu beharko genioke ea mugimendu kooperatiboa eta bertako pertsonak kontziente ote diren (garen) eta kontziente izan behar ote duten (dugun) kooperatibek daukaten dimentsio unibertsalaz. Ekar ditzagun hona Mundukideko lankide beterano baten berbak: “Kontziente izan behar dugu zortedun gara hemen jaio eta hemen bizitzeagatik”. “Herrialde aberatsetan bizi gara”. Mundukidek, hein handiagoan, kooperatiben eta pertsona kontzienteen aliatu nagusia izan nahi du nazioarteko elkartasunaren alorrean. Babesa eta bizia ematen diotenen zerbitzura dagoen tresna izan nahi du, hegoaldeko herrialdeetan ere eraldaketa sozialean laguntzeko. Iparraldeko herrialdeok, neurri handian, denok ondo ezagutzen dugun desberdintasun horren jatorrian gaudelako. Kezkatzen eta jardutera bultzatzen gaituzten gaiak are biziago, gordinago eta ankerrago agertzen direlako hegoaldeko herrialdeetan. Eta denok konpondu nahi ditugun arazo asko ez direlako ez “hemengoak” ez “hangoak”. Denoi eragiten digute, eta nekez dira disoziatzen. Eta Mundukideko lantaldearen zeregina lagungarria izaten ari delako gero eta pertsona, emakume eta familia gehiago beren bizitzaren jabe izan daitezen eta hobeto bizi daitezen. Eta hori guztia lana eta interkooperazioa bultzatuz.
Laburbilduz, hauek izango lirateke Mundukidek datozen urteetan bultzatu nahi dituen ekarpen ildoak:
• Orain arte metatutako esperientzia errepikatu eta esperientzia berriak garatu.
• Kooperatibek bultzatutako eraldaketa sozialeko proiektuetan lankidetzan jardun.
• Eraldaketa sozialerako hezkuntza egitasmoak sustatu.
• Nazioarteko elkartasunaren alorrean aliatua eta tresna izan.
Aldi estrategiko bat hasi behar dugu, 4 urte ditugu aurrean. Lantaldean ilusio handia dago, daukagun esperientzia gero eta baliotsuagoa da, eta gure ingurunearen eta pertsonen babes handia ere hor dago. Asko dago egiteko eta bereziki zaindu beharrekoa Mundukide Proiektua pertsonengana iritsiaraztea da. Ezagutu eta proiektuaren garapenean lagun dezaten. Garapenerako lankidetzan aintzindari bazala senti dezaten. Gurea, gertukoa eta sinesten dugun baloreetan oinarritatutakoa.