David Zurutuza futbolariak eta Mundukide Fundazioak SMS kanpaina jarri dute martxan otsailetik apirilera bitartean Lagundu irabazten lelopean, Mozambikeko nekazarien egoera ekonomikoa indartzeko helburuarekin. "Ezagutzen ditut gureak baino partida garrantzitsuagoak jokatzen dituzten pertsonak. Egunero-egunero familia elikatzeko janaria jokoan izaten dutenak, lurrean edo koltxoi gainean lo egitea, sem-alabak eskolara eramatea edota medikua bisitatzea jokoan jartzen dutenak", dio Realeko jokalariak.
Garapen sozioekonomikoa
Orain dela 17 urte hasi zen Mundukide Fundazioa Mozambikeko nekazariekin batera bizitza duinagoa izan ahal izateko pausoak ematen. Emakume eta gizon nekazarien gaitasunak sendotu eta azpiegitura egokiak sortzen oinarritu da programa urte hauetan guztietan; hain zuzen ere, bertako nekazariekin batera garapen sozioekonomikoa indartzea da fundazioaren helburua. Arrakastaz dihardu bide hori egiten, gainera. Eta arrakasta horren oinarria izan da, bereziki, errepideak eta ureztapen sistemak hobetzea, nekazariei zuzendutako mikro-kreditu sistema ezartzea eta nekazaritza tekniken optimizazioa.
Euro bakoitzak balio laukoitza
Mozambike iparraldean nekazaritza da jarduera nagusia, bizi itxaropena 55 urtekoa da eta familia askok 100 euro baino gutxiago izaten ditu urte osorako. Jadanik badira 80.000 pertsonatik gora onuradunak. 2016an programak egindako inbertsioa 973.645 euro izan zen eta nekazariek lortutako ekoizpenaren balioa, berriz, 4.000.0000 euro. Beraz, zuk inbertitutako bakoitzaren balioa laukoiztu egiten da baserritarren eskuetan.
Olatua harrapatzera
Nekazariek behar beste lur dute eskura eta ikusgarria da orain arte sabana izandako lursailak nola ari diren baratze bihurtzen eta urte guztian lur emankor izan daitezen ureztatze sistemak ezartzen. Datutan: 10 urtean, sabanako milaka hektarea baratze bihurtu dira, 30.000 familiatik gora elikagai berriak ekoizten ari dira eta urte osoan lurra emankor mantentzeko ureztapen sistemak gero eta ugariagoak dira. Emaitza da, beraz, familia elikatzeko eta merkatuan saltzeko produktu barietateak gero eta ugariagoak direla ekonomia eta bizi kalitatea hobetuaz.
Elefanteak eta lehoiak bizi diren paraje ezkutu bezain ikusgai honetako pertsonek altxorra bilatu dute eguneroko lanean. Jakinean daude, lurrari behar duena emanez gero, erabat esker onekoa bihurtzen dela altxor preziatua bihurtuaz.
Baratzeak emankor bihurtu dira urtegiekin, hazi eta lantzeko tresneria egokiekin, nekazaritza teknikariekin… Gero eta nekazari gehiago dira beste ekoizpen motelagoak alde batera utzi eta programaren baitan ari diren gizon-emakumeekin auzolanean bat egiten dutenak. Olatua harrapatu da eta goiari eutsi behar zaio.
Ikusezinengatik aurpegia eman
Mozambikeko nekazariak munduarentzat ikusezinak direlako, Malen Ruiz de Azua Espainiako txapelduna den pertika-jauzilaria, Oihana Aldai Oiartzun futbol taldeko atezaina eta Mikel Gonzalez Realeko jokalaria bezalako pertsonaia ezagunek David Zurutuzarekin batera aurpegia eman dute Lagundu irabazten kanpainari oihartzuna eta bultzada emateko.
'Zuru'-ren kamiseta opari
Malenek, Oihanak, Mikelek eta Davidek SMS batekin taldekide izatera gonbidatzen zaituzte, Mundukide hitza 28014 zenbakira bidaliaz –1,20 euro–. Bidalitako mezu guztien artean Zuru-ren kamiseta zozketatuko da.
Batutako dirua erabiliko da nekazaritzarako teknikariak kontratatzeko, besteak beste, nekazaritzako teknika berriak irakatsi ditzaten. Hori egiten da aurreratuago dauden beste probintzia batzuetako nekazariak kontratatuz nekazaritza kanpaina bakoitzeko: arroz ekoizpen teknikariak, sesamo ekoizpenarenak, baratzegintzarenak… Urtean 100dik gora lagunek parte hartzen dute halako kanpainatan.