Ekarpena Laboral Kutxako edozein bulegotan egin daiteke. Bertan aurkituko den esku-orria bete ondoren eskatu ekarpena Mundukideko kontura ingresatzeko eta badagokio ordena sortzeko.
Bertako nekazari baten adibidea
Mundukidek ohar bidez eman du kanpainaren berri eta bertako adibide erreal bat erabili du laguntza horren garrantzia balioan jartzeko: "Tusha Balamako nekazari bat da, alarguna, bere zaintzapean hiru seme-alaba dauzkana. Nekez lortzen dute, euri garaian, behar adinako arto saila ereitea urte guztirako jana edukitzeko. Ezustekoren bat gertatzen bada, alegia, euri gutxi, gaixotasunen bat… odisea bat bihurtzen da gosea pasatu barik egotea".
2011tik aurrera, mikrokredituen programan, onuradunen %50etik gora emakumeak dira, izan ere, kopuru osoaren %55 jasotzen dute ia. Tusha bezalako emakumeek haziak eta beharrezko materiala erosteko mikrokreditu bat jasotzen dute, eta uzta saldu ostean itzultzen dute.
Etorkizunerako erronka bat zehaztu dute: "Kreditua programan hasten diren nekazari berriei bakarrik ematea, eta beteranoak kontzientziatzea aurreko kanpainan lortutako zati bat aurreztu dezaten, hurrengo urteko erosketak egin ahal izateko. Eta hala, mendekotasuna txikitzea eta nekazarien autonomia sustatzea".