Debagoieneko Arizmendi Ikastolak eta Oñatiko Txantxiku Ikastolak ekitaldiak antolatuko dituzte egun horretan eta batuko den dirua Mundukide Fundazioari emango diote, erakunde honen filosofiarekin bat egiten dutelako. Ekitaldiak doanekoak izango dira baina hala nahi duen jendeak ekarpen ekonomiko bat egiteko aukera izango du.
Aurkezpena Arasateko Santa Barbara parkean egin da eta bertan Urri Urizar, Mundukideko Komunikazioa arduraduna; Iñaki del Olmo, Fair Saturday erakundearen izenean; Zigor Ibarzabal, Txantxiku Ikastolako zuzendaria, eta Gari Ibarzabal, Arizmendi Ikastolako Hezkuntza ez Formaleko arduraduna izan dira. Eurekin batera, Arizmendi abesbatzako neska-mutilek hainbat kantu abestu dituzte, Rakel Murgiondoren zuzendaritzapean.
Urri Urrizar Mundukideko Komunikazio arduradunak zera esan du: “Fair Saturday ekitaldi honetan ohorezko gonbidatu bezala aurkeztearren eskerrak ematen diogula Arizmendi eta Txantxiku Ikastolei. Aurrerantzean ere, orain arte egin duen bezala proiektu sozialak ere bultzatzen jarraitu dezatela, horrelako ekintza eta jarrerek aberasten eta eraldatzen baitute gizartea”.
Ondoren, Iñaki del Olmok aurkeztu du oraindik EHan oso gaztea den Fair Saturday mugimendua, bost kide baino ez dituena. Fair Saturday beti azaroko azken larunbatean ospatzen da, “apur bat sasoi honetan eta Gabonetara begira antolatzen diren kontsumoaren aldeko ekintzen kontrapuntu gisa”. EH osoan 100 bat ekitaldi antolatuko dira aurten eta, horregatik, oso pozik daudela esan du. Ondoren, Zigor Ibarzabalek eta Gari Ibarzabalek aurkeztu dituzte Oñatin eta Arrasaten burutuko diren ekitaldiak.
Arrasaten Kulturaten izango da jaialdia, 17:30etatik aurrera, ondoko egitarau honekin:
– Txalaparta jotzaileak, ikasle ohiak
– Ikastolako bertsolariak
– Arizmendiko musikariak: piano joleak, txistulariak eta dantzariak
– Abesbatzaren emanaldia
– Ikastolaren trikitilarien saioa
Oñatin, berriz, goizen, 12:30etatik aurrera Herrixa Kantuan kontzejupetik aterako da kaleetan zehar ibiltzeko. Eta 19:30etan jaialdia plazan:
– Txantxiku Ikastolako bertsolariak
– Txantxiku Ikastolako txistulariak
– Txantxiku Ikastolako abesbatza
– Gaitzerdi taldearen erromeria
Jaialdietan zehar Mundukide elkarteko kideak jende artean ibiliko dira euren proiektuen nondik norakoak jendeari azaltzen.