Hala zioen: “(…) gure izebak, zuen arrebak, zuen ahizpak, zuen senideak, zuen lagunak, zuen lankideak. Zure bidaideak (…)”.
Etxeko mahaian hartu genuen hizpide bidaide hitza. Lortu genuen elkar ulertzea, baina muinera heldu gabe. Beste espazio batean, sarritan darabilgu ahotan terminologia bera. Eta terminologia diot, gogoetak ekintza bihurtzean, edo horretan ahalegintzean, behinik behin, esanahi eta eginbide konplexua duela sinesten dudalako. Ustez, hala izatera behartu ezin den zerbait delako; berez sortzen den zerbait dela, alegia.
Denbora, pertsonak, harremanak eta emozioak. Ausartzen naiz esatera lau kontzeptu horiek biltzen dituela, gutxienez, bidaide izateak. Lehen biak ezinbesteko baldintza dira beste biak emateko, ulertezina baitzait norbanakoek partekatzen ez dituzten unerik gabe elkarren babes eta helduleku izatea. Sinesmenak, akaso, irits litezke abstraktua bidelagun bihurtzera. Baina kasu horiek ere norbanako gisa irudikatzen den subjektu bat dute sostengu, eta bizi dugun uneari atxikitzen zaizkie.
Harremanak eta emozioak dira, ondorioz, termino honen giltzarri; harremanek eta emozioek bereizten dituzte, esaterako, bizikidea eta bidaidea. Bizikidea bidaide izan liteke, baita bidaidea bizikide ere; baina bizikideak ez du zertan bidaide izan, ezta bidaideak bizikide ere. Erlazioak eta zirrarak tartean direnean, irrazionaltasuna gailentzen zaio arrazionaltasunari; norbanakoen betaurrekoek baldintzatzen dituzte estimuluen interpretazioak. Horrek egoeraren bi interpretazio dakar, nahitaez. Bi ulertzeko modu, bi interes, bi nahi. Biek norabide berean enfokatzean sortu liteke lotura, harreman eta emozioen interpretazio bateratu horrek dakarren lotura. Eta orduan sartzen da jokoan bidaidea: bidea elkarbanatzetik harago, bidea elkarrengandik zein elkarrekin ulertzeko eta egiteko kidea.