Hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Irizar Aranguren 2025ko api. 16a, 00:00

Behinola entzun nuen pantaila txikian, eta harritu egin ninduen.

Hatz erakuslea tente eta aurpegiaren alboan jarrita, honela bota zuen: "Gauza bat pentsatzen diat, beste bat esan, eta hirugarren bat egin". Zer pentsatua eman dit geroztik esaldiak. Sarritan, azkenaldian.

Iñaki Guridiren hitzekin egiten ditut lanera sartu aurrekoak, eta Euskadi Irratiko Faktoria saioko albistegietan bada azken asteetan hutsik egin ez duen izen bat. Bata dela, bestea dela. Lehenago edo geroago. Baina egunero. Kontraesankorra dirudi izenik aipatu gabe norbaitez hitz egiteak, baina ez dut bere izenak nire hitzak zikintzerik nahi. Ulertuko nauzue.

Ahora irekitzen duen aldiro, dantzan jartzen du mundua. Azkena, muga-zergak. Aditu ez naizen arren, ez da zaila ulertzen muga-zergen igoerak egunerokotasuneko produktuen prezioetan eragin lezakeen gorakada. Ez naiz industria makinez hizketan ari, ogiaz baizik. Lesothon, %50; Namibian, %21; Armenian, %10. Hamaika herrialde, bata bestearen segidan. Eta gu, taulari begira, adi, ilehoriak norberarengan eragiten duen lurraldea noiz aipatu zain. Guztiak bere atzetik, guztiak berataz hizketan. Eta, bat-batean, martitzen goizeko kafea kontrako eztarritik sartu omen zitzaion; hiru hilabeteko atsedena eman zergei, eta beste burutazio batera. Edo ez.

Zaila da ulertzen nola pertsonaia batek eta bere kabineteak goberna dezaketen gisa honetara mundu mailako agenda politikoa. Baina lortzen du. Eta are ulergaitzagoa da horretarako baliatzen duen tonu eta diskurtso populistak duen inpaktua. Baina eragiten du. Ez gaitezen ahaztu: 77.302.580 herritarren babesa jaso zuen duela hiru hilabete eskas.

Beraz, ahoa irekitzen duen aldiro jartzen naiz pentsatzen uste duena, esaten duena eta egiten duena ez direla bat etorriko. Agure ilehoriak kale egin zuela koherentziaz hitz egiten zuten eskola saioetara, alegia. Osterantzean, are garestiago ordaindu beharko dugu-eta gure eguneroko ogia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak