Aurten ere urte berriari ongietorria ematea dagokit, antza. Baina eskatzetik baino gehiago, ematetik nator. Edo iradokitzetik.
Gizartean gauzatzen den aldaketa disruptibo edo apurtzaile oro bost etapatan gertatzen omen da: hasierako talka, lotsagarri uzteko garaia, babes edo defentsa aroa, onarpen fasea, eta inklusio edo bizikidetza etapa. Zaila da aldaketei dimentsioa jartzea egikaritu aurretik, baina baten aurrean egon gaitezke.
Tituluan jabetu ez bazara, Adimen Artifizialaz ari naiz; zehatzago esanda, Adimen Artifizial Sortzaileaz. Datuak oinarri, eduki berriak sortzeko gai den teknologia da aipaturikoa, nola testuak, hala irudi zein soinuak. Informazio edo datuen jatorria kezka zein eztabaida iturri den arren, emaitzak adierazgarriak izan ohi dira, galdera dena delakoa izanda ere. Eta eskaerak landuz gero, halakoak dira hamaika tresnak itzulitakoak. Kopurua eta kalitatea, biak doaz gora.
Baina teknologiaren nolakotasunean baino gehiago, uste dut teknologiaren erabileraren nolakotasunean jarri beharko genukeela enfasia. Hezkuntzan, ikerketan zein komunikabideetan, besteak beste, jada atzeman dezakegu eragina. Baina galderak ditut, tresnak eman ditzakeen erantzunak baino gehiago. Zer ari gara eskatzen, jakitun bagara makina dela emaitza garatu behar duena? Zein da emaitzen zilegitasuna, datuen iturria ezezaguna bada? Zein pisu du sortzailearen berezkotasunak eraginkortasunaren aurrean?
Finean, teknologia bera gizartearen erronka kolektiboen ispilu bihurtu da. Aldaketak, bere soiltasunean, ez baitira teknologikoak, sozialak eta etikoak baizik. Eta hobe norberak inklusio eta bizikidetzarako urratsak egitea, norbaitek norberarengatik egin aurretik.
Eta, bide batez, ba al dakizu 1.930 karaktere hauetako zenbat diren neronek hutsetik sortuak eta zenbat Adimen Artifizial Sortzaileko tresna batetik ekarriak? Batek jakin!