Azkena, gure kontu

Erabiltzailearen aurpegia Jon Irizar Aranguren 2024ko mai. 11a, 00:00

Ez dut gogoan noiz egin nuen etxetik Errekalderako lehen joan-etorria.

Ezta bide hori ezagutu izanaren arrazoia. Arrebari segika, akaso. Gurasoek hala erabakita, bestela. Haurra nintzen, 5 urte bete berriak.

Etxeko argazki albumetan gogoratzeko ahaleginak egin arren, jolas gisa datozkit lehen oroitzapenak. Eskutik heldu, eta batera; ipurdiaz elkarri jo, eta bestera. Koskortzen joan ahala etorri ziren lehen urratsak: hanka ezkerrera, barrura, eta gora. Ez ginen abilak –inoiz ez gara izan–, baina lagunarte ederra osatu genuen. Ondo pasatzea zen egubakoitz arratsaldeetako hirurogei minutu haien helburua.

Ez dut gogoan lehen irteera, ezta gorbata eta gonatxoa jantzi nituen lehen eguna ere. Ez genion garrantzirik ematen, izatez, ere, ez zuelako.

Oharkabean hasi ginen astelehen iluntzeetan zapatu gaueko gorabeherak hizpide zituzten kideekin bikote egiten; oharkabean borondatez erraldoiak kalera ateratzeko zerrendetan gure izena gehitzen; oharkabean haur ginela marrazten genituen haiek izaten. Eta hartu genuen konpromisoa nora zetozen ez zekiten haurrei ordura arte ikasitakoa irakasteko.

Nagusiagoek alde, gazteagoek bultza. Heldu zitzaigun haur gineneko lagunartean ardurak banatzeko ordua. Baita albo batera egin eta lekua uztekoa ere. Bizitzaren legea.

Hamaika lagun eta arerio egingo zenituen bidean; hamaika berba eder, eta hitz oker; hamaika erabaki on, eta hanka-sartze. Baina inork ezin izango dizu leporatu lanik egin ez izana, herritik eta herriarentzat aritu ez izana. Irakaspen handi bat utzi diguzu: borondatezko lanerako konpromisoa bada, beti aurkitzen dela aurrera egiteko bidea. Paradoxa, edo, Langileen Nazioarteko Egunean joan zinen.

Azken lan bat utzi zenigun joan aurretik, azkena izango zela jakin gabe. Eta zin dagit egingo dugula, esan zenigun moduan. Gure kontu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak