Leihotik begira

Erabiltzailearen aurpegia Jon Irizar Aranguren 2023ko api. 1a, 00:00

Harraskan harrikoa egiten nenbilela, musika-erreproduzitzaileak erabaki zuen Zenbait bertso xelebre entzuteko unea zela. Ausaz edo.

Batzuetan etxeko leihotik begira jartzen omen zen Ruper. Ariketa bera egiteko hautua egin nuen; hasi nintzen betetzen mugikorreko oharren atala. Eguena zen.

Txukun joan zen eskolara 10. bebarruko kristalen aurrean mototsa atondu zuen neskatila; baita, lantokiko arropekin, bazkalostean kea arnasten aritu zen bizilaguna. Eskertuko zuen txakurrak eguerdiko tartean jabeak izandako fundamentua; beinke, ez du ganora bera astelehenetik kubo urdina zintzilik duen auzokideak. Ikusmira galduta, asper nintzenean, ingurukoen ohitura eta jokabideak ezagutzeko beta izan nuen. Hamaika ohar, ordu laurdenean.

Nekez ezagutu ditzaket bulegoko beiratetik Konstantinopla eta Parisko zubiak, baina begiak jausi zitzaizkidan, kanikak balira bezala, ordenagailua itzali, bildu eta pantailaren atzean zegoenari erreparatzean. Hamaika ohar hutsalen ostean, hamabigarrena lodiz idatzi nuen. Eta azkena izan zen.

Hamarnaka herritar zeuden ilaran garai bateko Ibarran aldagela izan genituen ateen aurrean. Erosketa-orga bana eskuetan, solasean, nor bere txandaren zain. Orduan baloiei heltzen genien besteko ilusioz heltzen zieten esne-kaxa, galleta-kutxa, arroz-pakete eta abarrei. Orduko eta egungo beharrek, baina, arraila sakon bat dute tartean. Nire begiek, iragan eguenera arte, ikusi gabe zuten herriko elikagai bankuaren banaketa. Eta harrituta gelditu nintzen. Banaketaz harago, ilaraz.

Nahi beste entzun, irakurri eta hausnartu dezakegu egungo errealitateaz. Parez pare ikusi arte, baina, itsu gara maiz. Borreroek milaka aurpegi dituztela zioen Ruperrek. Orgadunen borrero naizen edo ez jakin ez arren, gure herrietan milaka aurpegi ditugula bistakoa da. Eta barrura begiratzea garrantzitsua den pareko, ohartu naiz leihotik ez begiratzea garenari uko egitea dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak