Jordi Evole No me llame Ternera dokumentalaren zuzendariak estreinaldiaren inguruan sortutako "zarata" kritikatu du. Donostia Zinemaldiko Made in Spain atalean aurkeztu den lanak, Jordi Evole eta Màrius Sanchez egileenak, Josu Urrutikoetxea ETAko kide ohiaren testigantza jasotzen du.
Aurreko egunetan sortutako zalapartaren ostean, obraren estreinaldia ere berezia izan da. Alfonbra gorria jendez bete da eta aretoa ere berdin. Jendeak Évolek egindako elkarrizketa ikusteko gogoz zegoen. Kursaaleko kubo txikiaren jesarlekuetan, jende anonimoaren artean, Pili Zabala, Gorka Landaburu, Jesus Egiguren edo ETAren biktima eta dokumentalean azaltzen den Francisco Ruiz Sanchez zeuden.
Lana ikusi ondoren eta txaloak apaldu ostean, galderen tartea iritsi da. Ruiz Sanchez udaltzain ohiak "psikopata" hitza erabili du Urrutikoetxearentzat. Pili Zabalak, aldiz, bere anaia gogora ekarri eta Estatuak egindako bidegabekeriak argitzea eskatu du. Dokumentalaren osteko foroan mota guztietako iritziak entzun dira, indarkeriaren alboan hitzak, eta horiek esateko askatasunak, duen indarra erakutsiz.
Zalaparta gehiegi
Jordi Évole kazetariak Donostia Zinemaldian estreinatu duen No me llame Ternera dokumentalak jasan duen "zarata" kritikatu du. Bertan, Josu Ternera ETAko kide ohiaren testigantza jaso du, eta haren hizkera "adiskidetzailea" ez dela eta "atsekabetuta" dagoela adierazi du. Kazetariak deitoratu du hainbeste "zalaparta" egotea "Trueba, Bayona edo Coixeten pelikulak" aurkezten diren jaialdi batean. "Ez zen gure asmoa hainbeste ikusminez iristea", argitu du.
Évolek aitortu du harritu egin zela, lana estreinatu aurretik ez zuelako espero hainbeste arreta, eta aitortu du bazekiela gai "arantzatsua" zela. Hala ere zinema aretoa kolore politiko ezberdinetako jendez betea ikusteak poztu duela aitortu du estreinaldian.
Amaitzeko, bere diruarekin egindako lan bat izan denez, prozesuan zeharreko askatasuna azpimarratu gura izan du. Eta dokumentala ETA zer izan zen jakiteko ikus-entzunezko baliagarria izatea nahiko lukeela ere aipatu du.