Ertzetatik borobildutakoa

Erabiltzailearen aurpegia Hasier Larrea 2023ko urt. 20a, 11:29

Finaleko partaide guztiak, hiru sarien irabazleak eta Danbakako ordezkariak, bukaerako talde-argazkian.

Elkarren artean oso desberdinak diren hiru proposamen ikusi eta entzun ziren Danbakako finalean; The Clayton-en zuzeneko indartsuak eraman zuen sari nagusia.

Musika eta lehia ekuazio berean ipintzen ditu Danbakak eta emaitza bikaina da; izan ere, ezeren gainetik, eskualdeko musikariek plazatzat hartu dute sariketa lasterketako pistatzat baino. Askotariko jarraitzaile eta kuriosoak erakartzeko dohaina ere badu, zaila baita hain pluralak diren proposamenak kartel berean ikustea. Osagai horiei ginga jarri zien bosgarren edizioaren helmuga izan zen saio definitiboak.

Finalaurrekoetako langa gaindituta, norbere bertuteak segurtasun eta lasaitasun handiagoz erakustera igo ziren Bergarako Seminarixoko taula gainera Aiert, Arragoa eta The Clayton. Finalean 45 minutuz jo ahal izateak atea zabaldu zien presak alde batera laga eta euren musikaren erliebe guztiak argitaratzeko. Esaterako, oñatiarrak aurrekoan baino kantu propio gehiago interpretatu zituen, bergararrek mundu osoko kantu tradizionalak nahastu, eta aramaioarrek rock-and-rolla nahi beste zukutu.

POPAREKIN, FOLKAREKIN ETA ROCKAREKIN AGURTU ZEN SEMINARIXOAN DANBAKA

Gonbidatua, Murtziatik

Emanaldien arteko tarteak DJ Gela gonbidatuak gidatu zituen. Murtziarrak 20 urte inguru daramatza soinu elektronikoak lau haizeetara zabaltzen. 21:00etan hasi zen eraikinaren kanpoaldea berotzen, doinu lasai eta aproposekin. Bigarren eta hirugarren kontzertuaren artean piztu zuen mahaia berriz, eta hiru emanaldiak bukatzerakoan azkenengoz; orduan, agertoki gainean, epaimahaikideek azken erabakia hartu bitartean. Kosta egin baitzitzaien diskoa grabatzeko txartela nori eman adostea.

Bakarlariak familia maite

Lehenengo zuzenekoa Aiertek eman zuen, haren barne mundua biluzteko inolako lotsarik gabe. Gitarra elektrikoa jantzita ekin zion, tresnaren eta haren ahots apartaren notak belarrietatik garunetara goxoki sastakatuz, aiztoa gurinean lez. Sinestezina izan zen bakarlari gazteak nolako konfiantzarekin egin zion aurre halako erronkari. Ahotsa nahi eran erabilita eta euskarazko zein ingelesezko bosna bertsio eta kantu propio jota, sortzeko gaitasuna interpretatzeko erraztasunaren parean jarri zuen. Gainera, erakutsi zuen badakiela efektu elektronikoak behar bezala erabiltzen, ahotsari indarra gehitzeko.

Gitarrarekin ere iaioa da. Esku kolpe zehatzekin haria ondo eraman zuen une oro eta azken txanpan gitarra akustikoak lagundu zion; kanturik intimoenak apaintzeko, akaso. Familiari dion miresmena erakutsi baitzuen orduan, eta hura hunkitzeaz bat hunkitu zen publikoa. Kantautore oñatiarrak berak onartu du unerik politena 11 urteko anaia Erlantzek kaxarekin lagundu zionean iritsi zela.

Mundu osoko folka

Arragoako kideak identifikatuta sentituko ziren, ziur. Folk unibertsala zainetan daramatela argi utzi nahi izan zuen bi familiaz osatutako taldeak finalean, prezioa ohiko errepertorioa albo batera lagatzea izanda ere. Eskoziatik hasi, Suedia, Ameriketako Estatu Batuak, Brasil eta Balkanak zeharkatu, Irlandan porturatu, Gaztelan egonaldia egin eta Euskal Herrira itzuli; munduko musika tradizionaletan murgiltzeko bidaia originala eta ausarta izan zen, maisuki landutakoa. Biolinek eraman zuten agintea, biolontxeloak hauspoa eta gitarrek eta perkusio xumeak akonpainamendua. Halako proposamenek plaza gehiago merezi dituztela argi geratu zen, une goxoak eskaintzeko abilezia aparta baitaukate.

Azken bi kantetan entzuleengana jaitsi direnean ibili dira erosoen, arin-arin bat eta fandango bat jo bitartean jendea dantzara animatu denean. Finaleko irudi esanguratsuenetako bat izan da hori.

IGARRI EGIN ZEN FINALISTEK BERTUTEAK ERAKUSTEKO TARTEA IZAN ZUTELA

Arabako odol beroa

Jarraian iritsi zen The Claytonen txanda. Espektatibak altu zeudela jakin arren, betiko jarrera kartsua azaldu zuten, nahiz eta lehen minutuetan kosta egin zitzaien berotzea. Baina publikoa lehen lerrora gogotsu bertaratu zela ikusita, berehala jarri zitzaien odola irakiten. Abiadura biziko riffak eta abeslariaren pikardia dira, beharbada, talde trebe horren indarguneak, martxa bila doanarentzat ezin aproposagoak. Banda onak asko baitaude, baina, beraiek bezala eszenatokia betetzen dutenak, ez hainbeste. Finalaurrekoan bezala, gitarristetako batek bizkarrera eraman zuen musika-tresna, punteatze amaigabe bat begiak itxita izango balitu bezala eta postura txundigarriaz interpretatzeko. Ikuskizuna, letra larriz.

Gainera, orain arte egindakoaz konforme ez, eta bigarren diskorako prestatzen ari diren kantu bat ere eskaini zuten, onarpen ona jaso zuena. Oholtzan ahalmena, indarra eta bizipoza transmitituta, gozatzen eta gozarazten jarraitzeko apustua berretsi zuen boskoteak. Une gozoan iritsi zaie diskoa grabatzeko saria; jarraitzaileek irrikaz itxarongo dute bitartean.

Amaiera idilikoa

Epaimahaikideek sei gauetan zehar egin duten lanak aipamen berezia merezi du, baita erakutsi duten jarrerak ere. Taldeei gertatu moduan, beraiei ere gozatzeko gogoa igarri zitzaien finalean, organoa dagoen tokitik jaitsi eta ikus-entzuleak izango balira bezala pasa zituztelako momentu asko. Azken erabakia hartzea aurretik hartutako guztien antzekoa egin zitzaien; zaila benetan. Baina jakin zuten argudiatzen, elkar entzuten eta iritzi desberdinak aintzat hartzen.

SARI BANAKETA EKITALDIAN IRRIBARRE ZINTZO ETA BETEAK NAGUSITU ZIREN

Antolatzaileei epai finalaren berri eman zietenean hasi zen sari banaketa ekitaldia, gaueko ordu bata inguruan. Jakina zen Aiertek eramango zuela publikoaren saria, baina beste bien irabazleak airean zeuden. Bigarren kanporaketan aritu zen Letagin talde oñatiarrak jaso zuen, Danbaka eta Ekinez taldeko kideek aho batez erabakita, ekainean Bergarako jaialdi handian jotzeko txartela, eta ezin eskertuago azaldu ziren eszenatokian lau taldekideak. Diskoa grabatzeko sari potoloa, azkenik, The Claytonek irabazi zuen. Hala, talde argazkia atera ostean, gau borobila ixteko azken kantuak jo zituen boskoteak, erabateko poztasunak itsututa.

Azkenean, sari nagusia Aramaio aldera joan zen, baina, partaide guztien irribarrea ikusita, gau magiko hartan asko sentitu ziren sarituak.

BANATUTAKO HIRU SARIEN IRABAZLEAK

  • Sari Nagusia: The Clayton-ek izango du diskoa grabatzeko aukera, Gipuzkoako Aldundiko Kultura Lankidetza, Gazteria eta Kirola Sailak babestuta.
  • Publikoaren Saria: Aiert Alberdik grabatuko du bideoklipa, Bergarako Udalak babestuta. Boto guztien %15,82 jaso du, 2.000tik gora.
  • Danbaka-Ekinez saria: Letaginentzat izan da Ekinez elkarteak babestutako saria. Ekainaren 9 eta 10 artean Ekinez jaialdian joko dute, Bergaran.

Letagin.

ARETOAN JASOTAKO IRITZIAK

Iker Barandiaran, musika aditua eta kazetaria:

"Danbaka berriz egotea, hamabi urteren ondoren, oso pozgarria da. Ikusten dugu oraindik musika talde asko eta askotarikoak daudela Euskal Herrian. Finala dibertsitate horren erakusle da. Zorionak Danbakako partaide guztiei, eta parte hartu ez dutenei ere bai!"

 

Koldo Otamendi, Musika Zuzenean-eko arduraduna:

"Horrelako lehiaketek aukera ematen dute, batez ere, entsegu lokalak dauden herrietan zer dagoen ikusteko. Badugu arazo bat, jendea ezagutzen ez dituen taldeen kontzertuetara joaten ez dela. Danbakak talde txikien lana ikusgarri egiten du"

 

Iker Martinez, musikari oñatiarra:

"Oso maila handia egon da, edozein areto handitan programatzeko modukoa. Estilo aniztasuna zabaldu egin da asko; begira gaur: bakarlari bat, folka eta rocka. Eta finaletik kanpo geratu direnak: elektronika... Duela 20 urte, denok genbiltzan gitarra astintzen"

 

Eider Elorza, Arragoa taldeko kidea:

"Finala prestatzeko ez dugu denbora askorik izan, baina beste buelta bat eman nahi genion proposamenari. Aurreko egunetan aritu gara buru-belarri entseatzen, eta ikusi da landu dugula. Gozatu egin dugu, bai taldekideok eta baita publikoak ere; hori da musikaren funtsa!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak