Indarkeria matxistaren aurkako aldarriz bete ziren Bergarako kaleak joan den ostiral arratsaldean, eta Seminarixoan ere modu horretan eman zion hasiera Ktarsia hirukoteak kontzertuari. Gitarra akustikoak eta perkusiozko kaxa lagun, Silvio Rodriguezen Ojalá kantu bikaina euskarara moldatuta eta emakume langileen iraultza errebindikatzeko hitzak txertatuta, goiz erakutsi zuten bergarar gazteek euren zigilua. Bi abeslarien ahots-korden batuketak liluratu egin zituen entzuleak, jota kantarien erraztasunarekin heltzen baitziren tonu altuetara, afinazioa une oro mantenduta.
MUSIKAREN PALETA ZABALAREKIN KOADRO EDERRA OSATU ZUTEN LAU TALDEEK
Ordu erdi magiko horren ostean, anplifikadoreak piztu eta bateria astintzeari ekin zion Iluminatizz laukoteak. Musikarekin esperimentatu gura dutela argi ikusi zen: orain, erritmo lasaiak; segidan, in crescendo bat; eta, azkenik, abiadura biziko notei bide emanda. Konposizio bakoitzak bazuen berezitasunen bat, talde sailkaezin gisa definitzen dutena. Ahots urratuen iluntasunari gitarra eta baxu jostarien alaitasuna erantsita, ñabardura ugaritako koktela zerbitzatu zieten ikus-entzuleei.
Klasikotik gazteenera
Halaxe iritsi zen atsedenaldia, edo, hobeto esanda, chill outean zain zegoen Ion Arteaga Buda DJaren abaroan murgiltzeko unea. Jendearen aurpegietan ez zen hoztasun izpi bat ere sumatu erritmo dantzagarriek iraun zuten bitartean.
Gerria mugitzeko gogoz zeudenek eskertu egin zuten hirugarren taldearen proposamen dotorea, Erromintxelak-ek jazz eta swing leun eta landua baitzekarren. Jakintza musikal aberatseko kideek tresna organikoen aldeko apustua egiten dute; garbitzeko taularen erritmoan igeri kontrabaxu eta tronpeta sekuentziak, eta gitarra akustikoak hegan, nahieran egituratutako akorde eta inprobisatutako melodien artean. Berehala harrapatzen diren ahotsaren melodiak muturtuta dagoenaren aldartea ere iraultzeko gai dira; hain da-eta berezia transmititzen duten flow-a...
NORBERE DOHAINAK TALDEAN LANTZEN JAKINDA, APARTEKOA DA EMAITZA
Azken bala Etxepe trap kantariek jaurti zuten. Egun bogan dauden musika korronteak gurera ekartzen jakin dutela ezin uka: kantu herrikoiei oinarri elektronikoak jartzean edo autotunea baliatuta euskaraz abestean, euskal tradizio musikala berritzen ari dira. Eta entzule gazteari erakargarri egiten zaio. Jarraitzaile eta sortzaileen arteko batasuna erabatekoa da; izan ere, abeslariei oholtzatik jaistea bakarrik falta izan zitzaien pareta ikusezina hausteko.
Talentua agerian
Nork bere esparrutik, talentu handia erakutsi zuten, orokorrean, joan den ostiraleko protagonistek. Elkar ondo ulertzen dute taldeek musikaren hizkuntzan, eta Seminarixoko teknikarien esperientziak asko lagundu zuen sintonia hori modu txukunean azaleratzen. Horregatik egin zitzaien gaua gozagarri Danbakan batutako 400 bat ikus-entzuleei. Final handiaren aurretik, beste lau hautagaik izango dute euren dohainak erakusteko abagunea plaza aparta honetan. Goza dezatela, bada!
Taldeak
KTARSIA | Bergara
Konplexurik gabe eta soberako jarrerarekin aurkeztu zen hirukotea. Metaforaz betetako mezuak pasioz partekatu zituzten, eta testiguek arretaz jarraitu zuten emanaldi samurra. Zeharkako txirularen eta biolinaren ekarpenek balio erantsia gehitu zieten zenbait kanturi.
ILUMINATIZZ | Aretxabaleta-Otxandio
Lokalean bezala, are gehiago, etxeko egongelan bezala, aritu ziren. Eroso eta seguru. Egunero ez da bateria-jole bat hain sutsuki abesten ikusten. Koipeztatzen diharduen makineria astuna dira; zuzenekoetan trebatu ahala aterako duten barruko energia osoa.
ERROMINTXELAK | Arrasate-Bergara
Ijitoen antzera, nomadak dira; kasu honetan, askotariko estiloen nomadak. Jazza oinarri, tresna bakoitza aldarera igo zuten momentu jakinetan, gainontzeko instrumentuek akonpainamenduak eginda. Talentu indibiduala zukutzeko modu hobeagorik ez da.
ETXEPE | Arrasate
Olatu perfektua tokatu zaie parean, eta primeran ari dira surfeatzen. Publiko gaztean zirrara eragiten dute gau giroarekin lotutako pasarteek. Ereserki bihurtu diren kantuak azkenerako uztea beti da arrakastarako edabe ona. Hasi baino ez dira egin.