Bi aste lehenago piztutako sua bero mantentzen zen Bergarako San Martin plazan joan den bariku iluntzean. Uda giro sentsazioak zapore tentagarria jarri zion Danbaka musika lehiaketaren bigarren mokaduari, bailarako hainbat herritatik bertaratutako ikus-entzuleek berehalakoan harrapatzen jakin zutena.
Chill outean DJ bRgSS-k jarritako estiloaren ildotik, musika elektronikotik, jo zuen kontzertuaren irekieran Eyharts-ek. Beharbada, Danbakako partaide guztien artean apurtzaileena izango da bikotearen proposamena. Soinuaz harago doa euren ikuskizuna, aldi berean irudi abstraktuz osatutako bideoak proiektatzen baitituzte sintetizadoreen erritmora. Bidaia sentsoriala da, finean, talde bergararrak lau mahaitan sakabanatutako makinen bidez sortzen duena, eta gai dena ikus-entzulea bizitza errealarekin zerikusirik ez duen imajinario batean murgiltzeko.
Barruak hustera
Jasotakoa digeritzen harrapatu zuen publikoa Ingumaren zaplaztekoak. Barruak hustera irten ziren, oi! taldeek zainetan daramaten legez. Abeslariaren energiak gidatuta, doinu itsaskorrez jositako kantuak eskaini zituen oñatiar boskoteak, eta jakin zuen mezuak transmititzen ere, Euskal estatu nafarra eta Desobedientzia oihukatzerakoan, esaterako. Kaskamotz mugimenduak oraindik jarraitzaile sutsuak dituela argi ikusi zen, gazte ugari hurreratu baitziren taldearen abestiak abestera.
Gozokia partekatzera
112 taldeari zegokion jarraian gozokia partekatzea. Punk-rockaren sintonian oraingoan, gordintasunaren alde agertu ziren hasi eta buka. Igarri zen ile-bilorik gabeko esaldiak, dotorezia baino eraginkortasun handiagokoak, nabarmentzeko konposatzen dituztela kantuak. Euren buruari barre egitetik abiatu ziren gizartearen kontraesanak biluztera, modu sinple eta naturalean. Baxuak eta bateriak agindu eta gitarrak modu sotilagoan astintzea da euren estiloa, hitza izan dadin entzulea kateatzen duen elementua.
Hasieratik hozka
Eszenatokia zapaltzearekin bat hasi ziren hozka Letaginekoak. Edozein aretok esku zabalik hartuko lituzke oñatiarrak, benetan sinesgarria baita euren zuzenekoa. Ordurako irakiten zeuden lekukoak, gitarristen punteatze altu eta riff grabeek, abeslariaren tonu aukera aberatsaren eta, oro har, talde moduan erakutsi zuten sendotasunak gaindituta. Musikariek ere oso gustura jardun zuten, batez ere, bukaeran, onena ematen ari ziren momentuan.
Halaxe iritsi zen aurtengo Danbaka bigarren geltokira. Lehenengo kontzertuan pilatutako esperientzia lagun, bailaran sortzaile finak daudela baieztatu du berriz, eta, agian, garrantzitsuena, eurek aurrera egiteko jarraitzaile eta langile sare handia dagoela.
Seminarixoko abenturak hirugarren atala azaroaren 11n izango du, beste lau musika proposamenekin; Aiert, Broken Legacy, Sukena eta Balarrasa izango dira protagonistak.
Eyharts | Bergara
Zuzeneko berritzaileek Danbakan tokia badutela argi utzi zuten. Irudien eta soinuen arteko efektu bitxiek txundituta laga zuten publikoa; are gehiago, jakinda unean bertan sortzen ari zirela. Ondo kalkulatu eta taularatutako inprobisazioa.
Inguma | Oñati
Ordu erdi jo arren, izerditan amaitu zuten. Euren jarrera sutsuak, batez ere, abeslariarenak, lagundu zien ikusleei berotan sartzen. Melodia eta koru alaiek 90eko hamarkadatik aurrerako kaskamotz mugimenduko talde mitikoak oroitarazi zituzten.
112 | Arrasate
Dead Kennedysen antzera, gutxirekin asko esateko gai izan ziren, apaingarririk gabe baina ideia burutsuekin. Ezeren aurretik, zirikatzaile. Badute konposizioak gehixeago orrazteko marjina, kantu laburrei bukaera landuagoak falta izan zitzaizkien eta.
Letagin | Oñati
Indar erakustaldia egin zuten, musika tresnen potentzia eta abeslariaren gaitasuna modu borobilean baliatuta. Esperientziadun musikari finak eta goitik beherako taldea, rockaren erregistro suabe eta gogorrak maisuki maneiatzen dituena.