Arrasateko Ekin Emakumeak Elkarteak, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak eta Ekai Center Taldeak elkarlanean, diru laguntza bat jaso zuten 2022an Europako Next Generation Funtsaren kontura, migratutako familien estresari aurre egiteko tresnak sortzeko.
Elkarlan honi esker eta Ekin Emakumeak Elkarteak, ematen duen Arrasateko Udalaren Harrera Zerbitzuaren urteetako esperientzian oinarrituta, hiru lan tresna sortu ditu.
Elkartea arduratzen da Arrasatera datozen etorkinei harrera emateaz. Ekinek, urteetan esperientzia zabala eta sakona pilatu du. Bide horretan sortu dituen informazio, baliabide, tresna eta arazo ezberdinen ebazpenerako bideak ondo bilduta izan ditu urteetan. Informazio hau guztia Asmoz Fundazioa eta Ekai Center fundazioarekin elkarlanean sailkatu, digitalizatu eta analizatu egin da aurrerantzean ere Ekinera bertaratuko diren migratuei erantzun egokia ematea automatizatzeko helburuarekin, horrela erantzun zehatzago eta azkarragoak eman ahal izango dituelako eta denbora gehituko diolako zerbitzuaren hobekuntzari.
Bigarren tresna izango da Ekin Emakumeak Elkartearen esperientzian oinarrituta migratutako familiaren estresa definitu eta Arrasatera egokitu daitezkeen praktika onak Europan bilatu eta aztertuaz sortutako proposamen txostena. Txosten hau kontrastatua izan da Arrasaten prozesu migratorioa bizi izan duten eta zuzenean pertsona hauekin lan egiten duten eragile ezberdinekin. Kontraste honen bidez egindako ekarpenak eta landutako ikuspuntuetan oinarrituta Arrasateko familia migratuen estresa ekiditeko helburuarekin, aurrerantzean egin daitezkeen hainbat ekintza, elkarlana eta egitasmo proposatu dira.
Azkenik, Ekinek metaturiko esperientzia eta ezagutza tresna digital baten bidez edonoren esku jarri ahal izateko web orria sortu da. Arrasatera etorri berri den pertsona bakoitzak egin behar duen bidea aurkeztu eta erraztuko duena eta bakoitzaren beharretara egokituriko informazioa luzatuko duena. Tresna hau, Arrasate ezagutzen ez duten pertsonez gain, elkarte, zerbitzu zein erabileentzat erabilgarria izango da.
Azaroaren 22an hauek guztiak aurkeztuko dira eta bertaratutakoen artean hausnarketa txiki bat egitea bultzatuko da. Aurrerantzean norabide bateratuak identifikatu eta eragile sozial zein administratiboen erronkak partekatzea izango da jardunaldiaren azken zatiaren helburua, guztiok batera Arrasate inklusiboago bat sortzeko.