Arrasateko Harrera Sarearen helburua, Ekin Emakumeak Elkarteko kide Laura Buenoren esanetan, zera da: "Arrasatera heltzen den pertsona berri orok bide-orri bat izatea, jakiteko zer zerbitzu dauden erabilgarri erroldari, osasun zerbitzuari, hezkuntzari eta beste edozein arlori dagokionez". Funtsean, ongietorriarrasatera.asmoz.org webgunean oinarritzen da zerbitzua, atzetik lan prozesu luze bat dagoen arren. "Tresna hau, Arrasate ezagutzen ez duten pertsonez gain, elkarte, zerbitzu zein eragileentzat erabilgarria izango da".
Ekin Emakumeak Elkartea arduratzen da Arrasatera datozen etorkinei harrera egiteaz. "Ekinek, urteetan esperientzia zabala eta sakona pilatu du. Bide horretan sortu dituen informazio, baliabide, tresna eta arazo ezberdinen ebazpenerako bideak ondo bilduta izan ditu urteetan. Informazio hau guztia Asmoz Fundazioarekin eta Ekai Centerrekin elkarlanean sailkatu, digitalizatu eta analizatu egin dugu, aurrerantzean ere Ekinera bertaratuko diren migratuei erantzun egokia ematea automatizatzeko helburuarekin, horrela erantzun zehatzago eta azkarragoak eman ahal izango dituelako eta denbora gehituko diolako zerbitzuaren hobekuntzari".
Asmoz Fundazioaren eta Ekai Center Taldearen lana, funtsean, informazioa sistematizatzea eta pertsona migratuekin elkarlanean aritzea izanda, "benetan haien beharretatik sortutako erreminta bat gauzatu ahal izateko", Buenoren esanetan.
Ekai Centerreko proiektu kudeatzaile Errukane Aperribaik nabarmendu du informazioa batzea eta gaia ikertzea izan dela haien lana. "Ekinek zein beste eragile batzuek duten esperientziak batu, gaia kokatu eta hausnarketa bat egin dugu. Horren ondorioz, proposamen konkretu batzuk landu ditugu, aurrerantzean izango diren proiektuak hobetzeko eta orientazio estrategiko batzuk finkatu ahal izateko, eragile publiko zein pribatuei".
Aperribaik gaineratu du "oso aberasgarria" dela Ekinekin elkarlanean aritzea. "Oso izaera ezberdineko eragileak batzen gara eta izaera horiek elkartzea oso aberasgarria da, egiten ditugun ekarpenak sorpresak izaten direlako haiendako zein guretako".
Hiru tresna
Next Generation funtsaren laguntza baten bidez, migratutako familien estresari aurre egiteko hiru tresnak sortu ditu Ekin Emakumeak Elkarteak eta webgunea da horietako bat. Beste biei dagokienez, honako hauek dira: Ekin Emakumeak Elkartearen digitalizazio prozesua eta elkartearen esperientzian oinarritutako migratutako familien estresa definitu eta, estres hori arintzeko, Arrasatera egokitu daitezkeen Europan diren hainbat praktika onez sortutako txostena.
Errolda sozialarekin lanean
Tresna herrira zabaltzea eta benetan erabilgarria izatea da sortzaileen asmoa. Era berean, Ekin Emakumeak Elkarteak errolda sozialaren gaia landu gura du Arrasateko Udalarekin. "Egun, etxebizitzarik ez baduzu, ezin zara erroldatu herrian. Beraz, errolda soziala da eraikin edo zerbitzu publiko guztietan erroldatu ahal izatea edonor, hezkuntzarako eta osasunerako eskubidea lortu ahal izateko".