Gero eta gaztelania gehiago entzuten da gazteen eta ez-gazteen artean gure kaleetan. Edo, bestela esanda, gero eta euskara gutxiago egiten da. Eta antzeko zerbait gertatzen omen da ikastetxeen giroan ere. Irakurketa arloa aipatuz, zenbakiak oso eskasak dira. Oso gutxi irakurtzen da; euskaraz, batez ere. Baten batek esan dit, umorez, Euskal Herrian irakurleak baino idazle gehiago daudela. Panorama ez da baikor izatekoa. Bizkarrean urte batzuk gehiago dauzkagunok diktadura gogorra bizi izan genuen eta militantzia politikoan bizitzea tokatu zitzaigun. Eta, nolabait, gurasoek, alde batetik, eta irakasleek, bestetik, denok, neurri batean edo bestean, geure abertzaletasuna transmititzen genuen.
Gaur egoera beste bat da, eta ez da sentitzen militantzia baten beharrik. Baina euskararen bizirauteak arriskuan jarraitzen du. Aurkariak beste era batekoak dira; ez hain agerikoak. Baina Euskal Herria bizirik nahi badugu, ez hilzorian, abertzaleok geure hizkuntzaren, gure kulturaren alde arduraz jarraitu behar dugu. Axolakabetasuna, neutraltasuna, ez da bide egokia.