Hizkuntza latindarrek, adibidez, ez daukate arazo hau, baina euskarak buruhauste asko eman ditu eta ematen jarraituko du, ez baitakigu zein den haren jatorria. Iritzi desberdinak dituzten bi zatiki azalduko ditut: ZA eta IZ. Gaur egun, zatiki hauek ez digute ezer esaten, baina, batzuen ustez, bere garaian, ZA-k aldapa esanahia zuen: milaka baserriren izenak eta hainbat mendate; adibidez, Kanpanzar eta Barazar izenek adierazten duten bezala.
Adineko pertsonen zar izena ere bere makurduragatik omen dator. Bizkaian, Zarrabe aldaparen behean dagoen baserria eta Nafarroako eta Gipuzkoako Gainza herria, gain+za= aldapa gaina, adierazgarri izan daitezke. IZ zatikiaren kasuan, urarekin lotzen dute, eta nahiko garbi agertzen da: izotza = ur hotza; izurde = uretako urdea, Izubitta = bi errekak bat egiten duten Bizkaiko toki ezaguna. Eta badira i hizkia galduta Zubieta toponimoa duten hainbat toki, non bi ur elkartzen diren. Bukatzeko, zorionekoak gu, sorioneku hitzari esker.