Erdiek batzuetan eta ia %15ek askotan edo beti alboratzen dituztela gaurkotasunarekin zerikusia dauzkaten edukiak(www.ikusiker.eus).
Ez dirudi kazetaritza bere momenturik onena bizitzen ari denik. Ohikoak izan zaizkien euskarriak jendez hustuz doaz eta gutxi dira paperezko egunkarien erosle berriak, irratia pizten dutenak edota telebistako albistegien ikusi zaleak. Informatzeko nahiago dituzte sare sozialak, Instagram eta Tiktok, besteen aurretik.
Sare sozialen etenik gabeko jarioak informatuta sentiarazten ditu gazteak, oro har, eta ez dute bestelako beharrik sentitzen gehiago bilatzen hasteko.
Txioen edo story-en informazioaren kalitateaz ez naiz arituko, baina badago horretaz kezkatuta egoteko motiborik. Oraingoan, informazioaren bizialdiaz idatziko dut, labur-labur.
Berri bat argitara eman eta agenda mediatikotik desagertu arteko denbora laburtu izanak kezkatu egiten nau. Sinistuta nagoelako asko txikitu dela. Eta horrek ondorio nagusi bat dauka: informazioaren espektakularizazioa. Berriak iruditan erakusterik ez badago, ez dira informazioa zabaltzen duten kanaletara helduko. Eta irudi ikusgarriak, gainera. Bost axola aktualitatearen testuingurua, informazio-iturrien aniztasuna, datuen eta iritzien erabilera orekatua eta deskribatzen diren gertakarien ondorioen deskribapena. Horiek ezin dira 20 segundoko bideoetan sartu.
Mikropilula horien bidez, jendeak informatuta sentitzearen beharra asetzen du, eta komunikabideek, horren jakitun, gainera, gero eta iraungitze-data murritzagoko berriak eskaintzen dituzte.
Edozelan ere, badira egunak joan eta egunak etorri barruak astintzen dizkiguten berriak, albistegietan gero eta leku gutxiago lortzen duten arren min egiten dutenak. Palestinako sarraskia da horietatik lazgarrienetakoa.