Niri, benetan, esandakoetatik bigarrena da gehien interesatzen zaidana. Albistegietan, egunkarietan eta sare sozialetan zabalduko diren notizien markoa nola eraikitzen duten. Marko horrek, komunikazioa aztertzen dutenek framing izendatzen duten horrek, sekulako indarra dauka, ez bakarrik orainaldia ulertarazteko bidean, baizik eta etorkizuna aurreikusi dezagun.
Aktualitateko berri bat hautatu. Badakit Palestinako kolonizazioaren azken kapituluan pentsatuko duzula – komunikabide guztietako lerroburuetan dago– eta, konturatu gabe, medioetan ezarria zaigun markoarekin egingo duzula topo. Notizia zer den eta zer ez, non eta noiz kokatzen den, aktualitatearen subjektuak eta objektuak zeintzuk diren eta ondoriorik ote duen. Horiek notiziagarritasunaren markoak ezartzen ditu. Horretan datza bere boterea.
Markoa zurruna izaten da, informazioaren jarioa bideratzeko gai izan behar duelako. Baina, askotan, lapikoa sutan jarri eta esneak gainezka egiten du, une batetik bestera, ia-ia konturatu gabe. Eta ordura arteko markoa kraskatu egiten da.
Uste dut hori bizitzen ari garela Palestinako sarraskiaren kontura. Mundu mailako hainbat tokitan, geurean ere bai, txikizioaren eta bortizkeriaren kontrako eragile berriak agertzen hasi eta aliantza berriak sortzen ari dira. Jendeak komunikabideetako hitz potoloen gainetik berea plazaratu gura du.
Orain arteko markoak balioa galdu du, eta hori nabaria da begiak eta belarriak zabalik dituenarentzat.
Eszeptikoek esango dute komunikabideak trebeak direla marko berriak sortzen eta helarazten. Eta halaxe da. Baina enpatiak, elkartasunak eta amorruak etengabeko bulkadak birsortzeko ahalmena daukate.